"Konponbidea lortzeko konpromiso garaia da"

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2013ko urr. 5a, 02:00

Lerro hauen bitartez Debagoieneko Sortuk Herriraren aurkako sarekadaren salaketarik irmoena egin nahi du.

Atxilotu guztien berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen dugu. Era berean, elkartasunik beroena adierazi nahi diegu atxilotu guztiei, bereziki Ekain Zubizarreta arrasatearrari eta bere senideei. Maite zaituztegu! 

PPren gobernuak, PSOEren laguntzaz, bake prozesua hankaz gora bota nahi duela erakusten du Herriraren aurkako operazioak eta laster hasiko diren epaiketa politikoek. Francoren diktadurarekin apurtu ez zuen trantsizioak estatu atzerakoi eta faxista hau utzi digu oinordetzan. Bi urte betetzera doaz ETA erakundeak borroka armatuaren behin betiko bukaera iragarri zuenetik; era berean, ETAk, presoen zein iheslari politikoen kolektiboek bakearen bidean urrats berriak egingo dituztela iragarri dute. Zentzu honetan, Espainia egiten ari dena ez du inork ulertzen munduan, bakerako zubiak dinamitatu eta elkarrizketari ezetz esaten dio behin eta berriz.

Dena den, bakea lortzeko gakoa ez dago ez Madrilen ezta Parisen ere, Euskal Herrian baizik. Euskal herritarrok erabaki dugu bakea nahi dugula eta ez garela estatuen zain egongo. Herri bezala pentsatu eta erabakiak hartzeko garaia da. Euskal Herrian bakea eta justizia herritar gehien-gehienon aldarrikapena da. Pertsona guztien giza eskubideak eta nazio gisa ditugun eskubideak (hizkuntza, hezkuntza, kultura…) errespetatzea, desmilitarizazioa, presoen eskubideak bermatzea, epaiketa politikoak amaitzea eta erabakitzeko eskubidea errespetatzea dira gatazka politikoa konpontzeko gako nagusiak. Herritarren gehiengoak bat egiten du aldarrikapen hauekin eta ziur gaude herri bezala jokatuz lortuko dugula.

Zentzu honetan, Jaurlaritzari eta Sabin Etxean dauden EAJren buruzagiei konpromisoa eskatzen diegu. Egoera berezi honek eskatzen duen mailan egon daitezela, Madrilekiko morrontzak apurtu eta euskal herritar gehienekin batera konponbidea eta erabakitzeko eskubidearen alde egin dezatela. Aste honetan Herriraren aurkako operazioa babesteko Urkulluk bidalitako Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren arteko argazki lotsagarri eta bortizkeriaz betetako gehiago ez dugu nahi. Gure alboan eta herritarrekin batera nahi dugu EAJ.

EAJren oinarri sozialak egiten duen bezala, gatazka konpontzeko eta independentzia lortzeko bidean elkarlanean aritzeko dei egiten diogu alderdi jeltzaleari. Lehen aukera Herriraren aurkako sarekadari herri bezala erantzutea da. Ostiralean Debagoieneko kaleetan eta larunbatean Bilbon elkar ikusiko dugu. Euskal presoak herrira! Herrira aurrera!

--------------------

Ibai Redondo

(Debagoieneko Sorturen koordinatzailea)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak