"Udalatx, zergatik ez?"

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Mendizabal 2013ko ira. 13a, 02:00

2012ko urriaren 16a egun garrantzitsua izan zen hainbat euskal ekosistema naturalentzat.

Egun hartan Euskal Gobernuko Kontseiluak adostu zuen Europako Natura 2000ko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako 14 ibai eta itsasadar eta 5 mendi eta naturgune. Kontserbazio Bereziko Eremuaren figura praktikara eramatea posible egiten duten araudi legalak hasi dira azaltzen: 2012ko 217, 218, 219 eta 220 dekretuak, Arno, Ernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraitz babestera zuzenduak. Eremu hauetan babes-neurri zehatzak ezarriko dira; honela, beraien natura babestu eta berreskuratzeko bidean aurrerapauso esanguratsua ematen da, aipaturiko dekretuen aterkipean. 

Aldi berean, biodibertsitate, balio faunistiko, botaniko, geologiko, kultural eta ekosistema naturalen zerbitzuen aldetik, aipaturiko Arno, Ernio-Gazume eta Izarraitz mendien oso antzerakoa den beste euskal mendi bat babesteko ezinbesteko beharra dakarkigu burura: Udalatx. 

Izan ere, Euskal Lurralde Antolamenduko Legearen eraginez, Eusko Jaurlaritzak Udalatx ingurunea, Izarraitz, Arno, Ernio-Gazume eta beste 47 naturgune Interes Naturalistikodun Eremu izendatu zituen. 

2003ko ekainaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak Interes Naturalistikodun Eremu gehienak aipaturiko Interes Komunitarioko Gune izendatzeko proposatu zituen Europako Batasunera, eta azken honek onartu. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez zuen Udalatx Interes Naturalistikodun Eremua proposatu, eta ordutik, babesik gabe jarraitzen du.

Europako 92/43 Habitat eta 2009/147 Hegaztien zuzentarauen arabera, ordea, Udalatx ingurunea Interes Komunitarioko Gune izendatua izateko baldintza guztiak betetzen ditu: 92/43 Habitat Zuzentarauak adierazten duenez, "Natura 2000 izeneko sare ekologikoa sortzen da, kontserbaziorako eremu bereziengatik osatua. Sare honek bere barnean hartzen ditu I. Eranskinean agertzen diren habitat naturalak eta II. Eranskinean agertzen diren animalia edo landare espezieen habitatak". 

Besaide Elkartearen kolaborazioarekin, R. Aguirrebeña eta U. Mendizabal biologoek Arrasateko Udalarentzat egindako Arrasateko Habitat naturalak ikerketaren eta ondorengo azterketen arabera, esandako I. Eranskinean dauden europar garrantziko 10 habitat natural daude Udalatx ingurunean, eta Arrasateko Hiri Antolamenduko Egitamu Orokorra berraztertzeko Ingurumen Jasangarritasun Txostenak jaso zituen 2011n: Artadia (9340 kodearekin), Gaztainadia (9260), txilardi lehor europarra (4030), txilardi oromediterraniar endemikoak otaberarekin (4090), belardi lehor seminaturalak kareharrizko lurzoruan (6210), belar-moztu altuera baxuko larre txiroa (6510), kareharri harkaitz landaredia (8210), hartxingadiak (8130), orkideadun belardi menditarra (6210*), eta espezie ugariko belardiak Nardus-ekin (6230*). Azken bi hauek, gainera, europar lehentasunezko garrantzia duten habitatak dira. Eta Ingurumen Jasangarritasun Txostenean jasota ez egon arren, baita ere europar lehentasunezko garrantzia duen Haltzadia (*91 E0).

Garbi dago Udalatxeko Interes Naturalistikodun Eremuak, Ernio-Gazume, Izarraitz edo Arnorena bezala, Natura 2000 mailako balioa duela. Honen guztiaren aurrean, ezinbesteko galdera sortzen da, bereziki Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde, Plangintza eta Nekazaritza Sailari: zergatik ez da Udalatxeko Interes Naturalistikodun Eremua, Interes Komunitarioko Gune izendatzeko proposatzen, beste guztiak bezala? Legea betetzea, besterik ez da eskatzen.

Oso garbi dago ere, Arrasateko Udalak 2012ko urrian udalbatzan onartutako Biodibertsitatearen Aldeko Manifestua-ren arabera, udalerrian biodibertsitatearen galera gelditzeko beharra. Horretarako, balio naturala non dagoen zehatz-mehatz jakin behar da, kudeaketa egoki batera begira. Eta horretarako, ezinbestekoa da Udalatxeko Interes Naturalistikodun Eremuan ikerketa berri gehiago burutzea, bereziki biodibertsitate eta ekosistemen zerbitzuen aldetik.

Gure ingurumen osasuna dago jokoan, eta horrekin batera, gure ongizatea ere.

--------------------

Urtzi Mendizabal biologoa eta Besaide Mendizale Elkartea 

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak