"Sortu-EAJ elkarlanerako aukera"

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2013ko abu. 9a, 02:00

Azken bi asteotan astekari honetan izan dugun ika-mikak...

... argi uzten du gai sozialetan oso urrunduta gaudela EAJ eta Sortu. Gauza batean, behintzat, bat egiten dugu: Euskal Herria herri aberatsa dela… momentuz, eta Espainiak hondoratzen ez gaituen bitartean. Gure uste apalean, dugun aberastasunarekin pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzea da lehentasuna arlo sozialean: kalitatezko zerbitzu publikoak eskainiz; lana eta aberastasuna banatuz; etxebizitza eskubidea bermatuz, inor bere etxetik bota gabe; nagusiei errezetengatik bi aldiz kobratu gabe; pentsioen erreformari aurre eginez; dependentzian daudenak lagunduz; oinarrizko errenta herritar guztiei aitortuz; gazteei etorkizuna eskainiz;… Ez dugu onartzen, sekula ez dugu onartuko oinarrizko eskubideetan murrizketarik eta lan baldintzen kaskartzerik. Zoritxarrez, hori da Madriletik datorkiguna eta kasu askotan EAJ aplikatzen ari dena. 

Egia da, ez da horren erraza estatu baten menpe bizi eta honi guztiari aurre egitea, baina ez da edozer egiteko aitzakia ere. Gure uste apalean, EHBildu eta EAJ zenbait adostasunetara iristen bagara, askoz errazagoa izango da herritarren ongizatea lortzea. Hona hemen adostasunerako eskaintza nagusi bat: Euskal Estatua, burujabetza osoa. Euskal Herriak ez dauka zertan mendeetan gure herria zapaltzen duten estatuen menpe bizi. Are eta gutxiago gure herritarren bizi baldintzak ankerkeria osoz zapaltzen dituen espainiar estatu ustel eta atzerakoiaren menpe. Nola egin dakioke aurre aste honetan Madriletik inposatu diguten erreforma laboralari eta beste hamaika inposaketari? Burujabetza osoa lortuta: gure eredu ekonomikoa bertan erabakitzeko, gure hizkuntza berreskuratzeko, gure hezkuntza sistema eraikitzeko, gure selekzioak izateko, lan harremanak bertan erabakitzeko, pentsio sistema propioa izateko… Hau bai izango litzatekeela Jaurlaritzaren leloak dioen Basque Country estrategia eraginkorra.

--------------------

Ibai Redondo

(Sorturen Debagoieneko koordinatzailea)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak