Astebete baino ez, urte osoa lasterketa hori prestatzen ibili direnetako batzuk etxera itzultzeko, lehenengo egunetako erorikoen eta halakoen ondorioz.
Astebete baino ez, etxeko lanak ondo zeinek egin dituen ikusteko, eta zeinek ez, jakina.
Astebete baino ez, taldeetan azken orduko aldaketak ikusteko, hainbat arrazoirengatik azken momentuan bederatzikoetatik irteten diren ziklisten izenak azaleratzeko: beherakoak, gerrietako minak, hasi aurreko erorikoak... Denetarik izaten da, urduritasuna ere handia izaten da-eta urteko lasterketa inportanteena hasi aurretik. Asko lehenengo aldiz izango dira, eta bizikleta gainean eustearekin nahikoa izango dute.
Astebete baino ez, lasterketa horren inguruan sortzen den zalaparta ere hasteko. Eta, besteak beste, porra edo lehiaketa famatuak aipatu behar dira, ezinbestean. Milaka eta milaka lagun batzen dituzte horiek, eta norberaren jakinduria eta abileziak erakusteko garaia ere bada, betiere, zorte puntu horrekin. Izan ere, gauza asko ez daude apustu-egileen esku: gaixotasunak, erorikoak, makalaldiak.... Faktore asko eta asko.
Astebete baino ez, Froomek hiru astean egurra eman dezan, hura da-eta Tourra irabazteko hautagai nagusia. Bakarra, esango nuke. Contador ez dago okela jaten zuen garaian bezain fin, ala solomillo zatitxo bat izango du ezkutuan atseden egunerako?
--------------------
Mikel Aranzabal
Eibar