"Jesusi eta Justinari, Bergarako Udal Gobernu Taldea osatzen dugun kideon aldetik"

Erabiltzailearen aurpegia Leire Iruin 2013ko eka. 21a, 02:00

Datorren astelehenean, San Juan egunez, agur egingo diezue...

... Bergarako Udalarekin hartuta zenituzten alkate eta zinegotzi ardurei eta, horrekin batera, bi urtez Bergararen alde lanean aritu garen lantaldea osatzen dugunok pixka bat hutsago geratuko gara zuen ilusioa eta gogoa faltako direlako gure artean. 

Badakigu, Jesus eta Justina, zuen buruak zaintzeko ordua dela. Jesus, zuk zure osasuna zaindu behar duzulako, alkate ardurak ez dira eta makal antzean ibilita eraman errazak; zuk, Justina, hartutako konpromisoa bete duzu, soberan, eta baita ongi egin ere. Baina, horiek jakinda ere, kostatuko zaigu zuen falta betetzea. Faltan botako ditugu, Jesus, harremanetarako duzun gaitasuna, zure zintzotasuna eta osotasuna ulertzeko gaitasuna. Eta noski, Justina, zure perspektiba zabala, esperientzia eta proiektu berritzaileak aurrera ateratzeko kemena. 

2011ko udal hauteskundeak gogorrak izan ziren berez. Kanpoko faktoreek asko baldintzatu zituzten hautetsi izateko baldintzak eta politikagintzan esperientziarik gabeko taldetxo bat aurkeztu ginen, herritarrekin osatutako Plan Estrategikoa gidari hartuta, amesten dugun Bergara eta Euskal Herri eredurantz bidaia egiteko. Eta espero ere ez genuen arrakasta lortu genuen! 

Baina, garaipenaren gozoak laster uxatu ziren, guztia baldintzatu duen zorigaiztozko krisi ekonomiko honekin. Gobernura iritsi ginenean Bergarako Udalaren egoera ekonomikoa kritikoa ez bazen ere, testuinguru orokorrak baldintzatu gaitu eta hainbat egokitzapen egin behar izan ditugu bidean zehar. Hala ere, Plan Estrategikoarekiko fideltasuna gordetzea lortu dugu: gizarte zerbitzuen kalitatea bermatu, nagusiak bere inguruan duintasunez zaindu, zero zabor filosofiarantz urratsak eman, Bergara kultura mailan erreferente izaten mantendu, etxebizitzen inguruko politika sozialak indartu... Baina ezin uka zailtasun ugari izan ditugula politika hauek bideratzeko. 

Testuinguru gazi-gozo/gozo-gazi honetan jardun dugu elkarrekin bi urte zail bezain eder hauetan. Egia da denbora larregi ez duzuela izan bideratuta uzten dituzuen hainbat politikaren loraldia ikusteko. Are gutxiago uzta biltzeko. Baina ziur egon zaitezte geratzen garenok zuokin batera ezarri ditugun oinarriak sendotzen eta zabaltzen joango garela. Tinko. Izan ere, San Juan suak ezaugarri berezirik badu, hori berritzearen xarma baita, gaixotasunak eta gabeziak alde batera utzi eta arnasa berriarekin bideari aurrera ekitearena.

Gobernu talde honen aldetik, mila esker, Bergarako herriagatik egin duzuen lanagatik, eta segi horrela urte askoan: herrigintzan, herriarekin eta herriarentzat. 

Zaindu zaitezte biok eta jakin dezazuela lantaldeak faltan botako zaituztela. 

Besarkada bat bioi. 

Laster arte.

--------------------

Maren Belastegi eta Leire Iruin

(Bergarako Udal Gobernu Taldearen izenean)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak