"M-30: greba orokorra"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Soba 2013ko mai. 11a, 02:00

Maiatza hilabete berezia da langile klasearentzat.

Maiatzaren 1ean kalera ateratzen delako, behinola greba eta protestaren bidez, 8 orduko lanaldia errebindikatzen zuten langileen hilketa gogoratu eta langileen eskubideak aldarrikatzeko. Bai, gaur hain normaltzat hartzen diren 8 orduak grebaren bidez lortu ziren. Eta aurtengo maiatza are eta bereziagoa izango da, 30erako greba orokorra deitu dutelako euskal sindikatu eta eragile sozialek. 

Greba orokorra da langile klaseak bere eskubideak defendatu eta lan baldintza duinak lortzeko duen tresnarik indartsuena. Baina grebak beste eredu sozial eta ekonomiko bat errebindikatzeko ere balio du. Azkenaldian jasaten ari garen erreforma, murrizketa, zapalketa eta pribatizazioek langile klasearen erantzun zuzena exijitzen dute.

Azken urteetan bizi dugun krisiaren ondorio bezala aurkeztu digute hau guztia, krisia estralurtarrek bidalitako zerbait izango balitz bezala. Krisi honetan kapitalaren jabetzan oinarritu izan duten gizarte ereduak inongo zerikusirik izango ez balu bezala. Etengabeko hazkundean, zementuan eta boterearen zentralizazioan oinarritutako gizarte ereduaren bultzatzaileak izan dira egoera honetara eraman gaituztenak. "Daukaguna baino ez dugu gastatuko", esan zuen lehendakariak. Baina prest agertu da momentu honetan ez duten diru kopuru bat aurreratzeko AHT bultzatzeko.

Lan egiteko eta ez greba egiteko garaiak direla esango digute enpresari eta patronalak. Grebak desitxuratu eta piketeak kriminalizatuko dituzte, langilea lokartzeko ahaleginetan. Grebak min egiten die, langileak kalera ateratzeak tripako minak dakarzkie, grebak ez duela ezertarako balio behin eta berriz esaten digute. Ez liokete hainbesteko garrantzirik emango greba egun bati, minik egingo ez balie.

Maiatzaren 30ean kalera atera beharra dago, borrokak bakarrik ekarriko digulako gutxi batzuen mesedetan oinarritzen den gizarte eredu honen suntsiketa.

Eskubide sozialen defentsan langileak grebara!

Eskirolik ez!

--------------------

Jon Soba

(Oñatiko Gazte Piketeruak)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak