Ez dute hutsik egiten, eta ez dago zalantzarik: berbalagunak dira. Belarria jarri nuen lehen aldian ohartu nintzen.
Freskagarri bat eskatu, eta ondoan esertzen naiz batzuetan. Asteburuari buruz hitz egiten dute, gizarte arazoei buruz, Athletici buruz… hitz egitea baita euren helburu nagusia, euskaraz hitz egitea. Estimatzekoa da egiten duten esfortzua, gozagarria daukaten ilusioa, eta azpimarratzekoa denen konpromisoa.
Boskote hori, ordea, ez da kasu isolatu bat. Urte hasierarekin batera, datu bilketa egin dugu Euskaltzaleen Topagunean, eta hara! 5.500 mintzalagun daude Euskal Herri osoan. 5.500 herritar, euskaldunon komunitateko kide aktibo izateko prest. Nork esango zien Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteko kideei, duela 20 urte martxan jarri zuten egitasmo xume hori hainbesteraino hedatuko zenik?
Euskaraz aritzeko ohitura dutenak ohiturarik ez dutenekin elkartzen ditu mintzapraktika programak. Euskaldunen elkarteen mugimenduak, euskaltegiek eta zenbait udalek apustu sendoa egin zuten duela hainbat urte, eta ordutik etengabe ari dira mintzalagun taldeak bikoizten. Iruñerrian, esaterako, 550 mintzakide batzen dira; eta Gasteizen, beste 640. Erraz esaten ditugu zenbakiak, baina irudikatuz gero, harrigarria irudituko zaio bati baino gehiagori. Ni, behintzat, harrituta gelditu nintzen Topagunean lanean hasi eta dimentsioa ezagutu nuenean.
Mintzalagunek euskarara hurbiltzeko egiten duten ahalegina goraipatzen dugu askotan, baina zer egin dezakegu freskagarria hartuta inguruan esertzen garen euskaldunok? Erronka handi bat daukagu. Euskaldunon elkarteek, bertako bazkideek zein euskaldun guztiok talde txikietan sortzen ari den dinamika hori zabaltzeko eginkizuna daukagula uste dugu Topagunean. Mintzalagunen eginahala gizarteratu behar dugu. Kalera atera ginen, ziren, baina orain administraziora, dendetara, bulegoetara zein merkatura atera behar dugu. Astero ordubetez egiten duten ahalegina egunerokora zabaldu behar dugu, hizkuntza ohituretan eragin, eta euskararentzako eta euskaldunontzako gune berriak irabazi behar ditugu. Algortako tabernan zein Bergarako parkean biltzen diren boskote horien lana islatu dezagun.
Ezin dugu ardura guztia euskaltegien esku utzi, hauek lana ederto eginda ere. Herritarra komunitatean parte hartzeko gogoz dago, eta euskaldun guztion funtzioa da kide berriei ateak zabaltzea. Mintzalagunen taldeek ez dute zentzurik, talde horietatik kanpo euskararen erabilera bultzatzen ez badugu. Irabazi ditzagun gune berriak, eta lagundu diezaiegun gurekin batera aritu nahi duten horiei, euskaldunon komunitateak kide berriak izan ditzan.
--------------------
Arrate Illaro Etxebarria
(Euskaltzaleen Topagunea)
Getxo