"PNV diruzale, AHTrik ez"

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Etxebarria 2013ko api. 2a, 02:00

PNVk 2013. urterako aurkeztu dituen aurrekontuetan AHTren eraikuntza lanetarako 350,68 milioi euro...

... gehiago xahutu nahi ditu, osasun, etxebizitza, hezkuntza eta gainerako gastu sozialetan murrizketa handiak agintzen dituen bitartean (711,5 milioi euro gutxiago). Antza denez, hemen ez dago ezertarako dirurik, AHTrako ez bada, noski. 

Eta hori gutxi balitz, aurrekontuak aurkeztu eta biharamunean bertan Jaurlaritzak (PNVk) adierazi zuen prest zegoela Madrili zegozkion AHTren obra zatiak egiteko dirua aurreratzeko. AHTrentzat badago dirua. Gastu sozialetarako ez dago dirurik! 

Euskarazko hedabideentzat 800.000 euro gutxiago izango dira eta bitartean Madrili AHTren obrak egiteko dirua aurreratzeko prest dago PNV. Euskarari ogi apurrak ere kendu eta AHTri (enpresarien poltsikoei) opariak egin. Hori al da PNVren politika? Patetikoa.

AHT egiteko kristorenak eta bi egiteko prest dago PNV. Beharrezkoa omen da. Beharrezkoa norentzat? Herritarrentzat edo PNVren baitan mugitzen diren enpresario dirudunentzat? Erantzuna soberan dakigu. Ez da kasualitatea infraestruktura erraldoi guztien atzean PNV egotearena (AHT, errauskailua, superportua…). Ondo dakigu zerk mugitzen duen PNV, diruak. 

Euskal Herrian inoiz egin den obrarik erraldoi eta garestienaren aurrean gaude. Baina obra hau ez da herritarrentzat egina. Obra hau enpresa eraikitzaileen interesei begira egina dago. Obra hau enpresa eraikitzaileen negozioei begira egina dago, PNVren ezinbesteko laguntza politikoarekin.

Euskal herritarron interesen aurka, lau aberaskillo enpresarioren alde, Euskal Herria tunelez eta biaduktuz josi, mendiak zulatu, baserriak eta baserritarren bizi-moldeak txikitu, herritarrei lurrak lapurtu, eta herri honi tren antisozial hori inposatuz Euskal Herri osoko lurrak txikitzen ari zaretenok ez daukazue hitzik. 

Hau guztia bidaian 10 minutu ziztrin aurreratzeko. Zeinendako eginiko trena den jakiteko ikusi besterik ez dago egunean zenbat bidaiarik erabiltzen duten Madril-Bartzelona arteko linea. 4 katuk, 4 enpresariok. Izan ere, tarifak oso garestiak dira.

Krisian egon edo ez, AHTk ez dauka justifikaziorik. Mila makinak ez dute inoiz lore bakar bat sortuko.

Ez atzo, ez gaur, ez inoiz, AHTrik ez!

--------------------

Ibai Etxebarria eta Miren Intxausti 

(San Martineko Etxe Okupatuko Asanbladaren izenean)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak