"Enrike Letonaren arazoak"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Karlos Garitano 2013ko api. 1a, 02:00

Zuk egiten duzun guztia politika al da, Enrike?

Horrela pentsatzen baduzu, arazo larria daukazu, benetan. Ziur zaude konposta modu batera egiteak zerikusia duela Ezker Abertzalearen azken helburuekin? 

Bestalde, konpostatzeko planta industrialak eta konpost-gailu domestikoak ondo bereizten jakin barik jarraitzen duzu. 

Aurreko gutunean ere adibide desegoki batzuk ekarri zenituen zure helburua justifikatzeko eta aipatzen dituzun linkak irakurri ondoren argi eta garbi dago ez datozela bat zuk defenditzen duzunarekin. Adibidez, http//ec.europa.eu/environment/waste/publications/pdf/compost_es.pdf (Jurramendiko eta Baix Campeko mankomunitatearen gaineko informazio faltsua…); satsaren eta konpostaren arteko nahasketa interesatua; Antzuolan arratoiak daudela ukatzea…

Oraingoan, ordea, beste bi adibiderekin zatoz zure "teoria" indartzeko: Ingalaterrako Arunekoa eta Usurbilgo Puntapax "konpost-gunearena". Hasteko, Arunen ez dute egiten konpost domestikoa zuk diozun moduan, argi eta garbi azaltzen dute animalia-jatorriko hondakinak ezin direla sartu auzoko konpost-gailuetan: http://www.arun.gov.uk/main.cfm?type=GREENWASTECLUB#Green.

"Take care not to compost cooked food, meat or fish", diote.

Funtsean esaten dute kontuz ibiltzeko eta sukaldatutako janariarekin, haragiarekin eta arrainarekin ez konpostatzeko. 

Usurbilgo adibidea ere ez dakit egokiena ote den, Usurbilgo Udaleko web orrian azaltzen dutenez "konpost domestikoa" batu eta tratamendu plantara eramaten dute eta. Puntapaxi buruz baieztatzen duzuna ere zalantzan jarri beharko dugu. Zalantzok uxatzeko eta zuri sinetsi behar badizugu, Fraisoroko laborategian egindako azterketen emaitzak erakutsi beharko zenituzke, agian barre pixka bat egingo genuke eta. 

Bukatzeko, Enrike: hau izango da zurekin trukatuko dudan azken gutuna, errespetu osoz esaten dizut baina ez daukat pazientziarik, ikusita salbuespenetik araua egitea nahi duzula, eta hori ez da horrela.

--------------------

Juan Karlos Garitano

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak