"Munstro artean bizi gara!"

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Mari Gabilondo 2013ko mar. 16a, 01:00

"Munstro artean bizi gara!", bota du telebistako hizlari batek Nafarroako kutxaren inguruan...

... eta zenbait politikariren ustelkeriaren inguruan ari zela.

Batzuek 400 euro kobratu, etxea ezin ordaindu eta beren buruaz beste egiten duten bitartean, badira bilerako 1.700 euro kobratzen duten politikariak; hori gutxi omen eta hiru bilera egiten dituzte arratsalde batean 5.100 euroko dieta kobratuz. 

Jantoki sozialak beteta dauden bitartean, badira Suitzan 38 milioi euro dauzkatenak eta eskupekoak banatzen dituztenak Espainiako Gobernuan dauden mandatarien artean, 6.000 euroko ume-puxika urtebetetzeak ospatuz. 

5 milioi langabe dauden bitartean, bada Afrikara elefanteak akabatzera joan eta oraindik ere ardo kiratsa darion "lo siento" batekin konponketak egiten dituen erregea. 

Badira lan-baldintza duinak, hezkuntza eta osasun publikoa aldarrikatzeagatik, kartzelan daudenak eta etxean, saltokietan… 500 euroko billetez betetako kutxa gotorrak gorderik eduki arren, kalean lasai asko dabiltzan txinatar enpresariak (arestiko elefante ehiztari hordiaren lagun-minak) eta aktore pornoak. 

Hamaika dira, urteetan lan egin ondoren, lan baldintzak aldatu eta lau sosen-truk kanporatuak izan diren langileak, goi karguetan lagun minak dituzten enpresa publikoetako zuzendariek beren kanporaketa milioiekin blindatzen duten bitartean. 

Urteetan, arbaso zaharrenetatik jasotako lurrak eta baserriak, Euskal Herriko bizi moldearen islarik zaharrenak; ziztu bizian gainetik pasako zaigun tren antzu bat egiteko desjabetutako aitona-amona zaharrak geure artean ditugu, banketxeei etxebizitzaren arazoa konpontzeko dituzten lapurtutako etxe guztiak desjabetzeko gogorik ez dutenekin batera.

Zalantzarik gabe: munstro artean bizi gara! 

Antzinako kondaira zaharrak dioenez: euskaldunak munstro artean bizi ginenean, Ortzirengana joan ginen laguntza eske eta Ortzik eguzkia sortu zuen iluntasuna argitzeko eta eguzki-lorea, gauetan munstroak etxeetara sar ez zitezen. 

Egun, norbaitek laguntza eske joateko ausardia balu, txapelgorriz jantzitako ume-jale beletzar lerdetsuak baino ez lituzke aurkituko. Munstro predikulariak, zuri guztiak irin ez direla erakutsiz. 

Munstro artean bizi gara. Badira eta izango dira aurrerantzean ere. Hortaz, ikasi egin beharko dugu beraien artean bizitzen, iluntasunari ihes egiten eta geure burua munstro bilaka ez dakigun ahalegintzen indar osoz.

--------------------

Joxe Mari Gabilondo

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak