... erabaki duten "denak balio duela" konpostatzeko. Dirudienez, zero zabor delakoa lortzeko erakusten ari diren neurrigabeko antsia horrekin.
Hau da, eurek diotenez, animalia-jatorriko hondakinak ere erabil daitezke konpostatzeko (haragia, arraina, arrautzak, gazta, esnea, maionesa, etab.) landare-jatorriko hondakinetara murriztu beharrean.
Zortzi urte baino gehiago daramat konpostatzen, bere garaian Diputazioak ateratako Banakako konpostatzea egiteko eskuliburua jarraituz, eta argi eta garbi aholkatzen zuten sukaldeko animalia-hondakinak ez erabiltzeko konposta egiteko. Baina Bilduk aldatu egin digu eskuliburua.
Argi ikusi zen Europak 1999an eta 2001ean jasandako elikadura krisietan (dioxinak pentsuetan, zerrien izurritea, sukar desberdinak, behi eroena…) sukaldeko hondakinak eta animalien beste azpiproduktu batzuk gaitzak eta intoxikazioak zabaltzeko faktore arriskutsuak zirela. Horregatik, europar komunitateko agintariek erabaki zuten animalia-jatorriko azpiproduktuen erabilera hau arautu egin behar zutela 1069/2009 araudiaren bitartez. Araudi honek zehazten du pertsonen kontsumoan erabiliko ez diren hondakin organiko horiek nola kudeatu behar diren.
Hainbat ikerketak frogatzen dute animalia-jatorriko hondakinak konpostatzea arriskutsua dela konpostegietako langileendako eta inguruko bizilagunendako. Horregatik, aipatutako europar araudia oso zorrotza da sukaldeko hondakinekin, oso baldintza estuak ezartzen baititu, betiere, bio-hondakinen higienizazioa eta konpostaren kalitatea bermatzeko.
Gainera, sukaldetik ateratako animalia-hondakinen kalitatea askoz ere txarragoa da, bio-hondakin hauek ustelkorragoak dira, ur, koipe, proteina eta gatz kopuru handiagorekin, eta konposta gaziagoa izaten da. Beraz, konpost honen erabilera oso mugatua izaten da lorezaintzan, baratzeetan eta paisajismoan.
Alderantziz, landare- jatorriko bio-hondakinekin egiten den konpostak ez du aipaturiko araudia bete behar eta bere erabilera egokiena da ongarri moduan.
Beste arrisku erantsi bat dauka konpostatze ontzietan haragi eta arrainen hondakinak sartzea: arratoiak. Oso zaila da arratoi temoso batek zulatuko ez duen konpostatze ontzi bat ekoiztea.
Europar adituen aholkuz, "konpostatzea, landare-jatorriko hondakinekin egin behar da soilik", eta horrela egiten dute Flandrian, Herbehereetan, Alemanian eta Austriako eskualde askotan.
Arrazoi hauek Arrasateko Udaleko Ingurumen Batzordean azaldu nituen, aipaturiko arriskuaz ohartaraziz, baina bere presidenteak, Josu Peredak, ez zituen aintzat hartu. Horregatik, gutun hau argitaratzea erabaki dut.
--------------------
Juan Karlos Garitano Arrasate