... otsailaren 20ko prentsaurrekoan esandakoaren harira, geure haserrea adierazi nahi dugu. Bertan esandakoaren arabera, Aretxabaletan atez ateko zabor bilketa sistema ezarriko baita. Atez ate bezala ezagutzen dugun bilketa sistema ei da helburuak ziurtatu ditzakeen bakarra.
Erabaki hori ez da batzordeetan besteokin eztabaidatu, eta okerragoa dena, prentsaurrekoa egin zen egun berean jakinarazi zitzaigun erabaki hau, mezu elektroniko baten bidez. Horrelako jokabideek agerian uzten dute ez dagoela ez gainontzeko udal ordezkariekin ez eta herritarrekin eztabaidatzeko borondaterik. Parte hartze prozesu bezala saldu nahi den prozesu hau oso bestelakoa da.
Benetan herritarren iritzia jakin nahi badugu, beraiengana zuzentzea beharrezkoa da (Udala herritarrengana eta ez alderantziz), gure planteamenduen aurkakoak izan daitezkeen iritziei beldurrik izan gabe. Bosgarren edukiontziaren erabiltzaileetatik edo honen alde sinadura eman duten 1.700 pertsonengandik hasi, herritarrekin atarteetan batzartu, herri galdeketa…
Egoera honi buelta emateko garaiz gaude. Horretarako, atez atekoaren aldeko erabakia atzera botatzeko eskatzen diogu Udalari. Arazoa eta helburuak birplanteatu, helburu horietara iristeko aukera guztiak mahai gainean jarri, eta denon artean adostasunak bilatzeko proposamena ere luzatzen diogu.
Abiapuntu bezala bosgarren edukiontzia bultzatzetik hasi beharko genuke, hau baita ezarrita daukagun azpiegitura, eta berorren erabiltzaile garenok badakigulako praktikoa izateaz gain, gaika sailkatze portzentaje ezin hobeak ahalbidetu ditzakeela gauzak ganoraz eginez gero. Denbora eta lana beharko dugu herritar guztiengana heltzeko, guztiak sentsibilizatzeko, baina epe luzera emaitza askoz sendoagoa izango da.
Bukatzeko, aretxabaletar guztiak Arkupetik pasatu eta bosgarren edukiontzirako izena ematera animatu nahi nituzke. Gure esku dago norabide hau aldatzea.
--------------------
Mikel Uribetxebarria
(EAJko Udal Taldearen izenean)
Aretxabaleta