"Aintzane Oiarbide, errauskailuak eta minbizia (3)"

Kaletik noa. Hotz egiten du. Hara! "Goiena kafetegia".

Bertan sartu naiz. Emakume bat aurkitu dut mahai batean eta kafe batera gonbidatu nau. Bergararra da. Errausketazale amorratua. Berari utzi diot ordaintzen. Hauek badaukate nahikoa diru! Kafeari bota diodan azukarilloaren papera bereizi egin dut, birziklatzeko. Berak ez du hala egin. Kafeari laguntzeko zigarroa piztu dut. "Milaka" dioxina biriketara! Errauskailuen eta minbiziaren arteko loturaz prentsan idatzi dituen astakeriei erantzuten hasi natzaio:

"Minbizia bezalako gaixotasuna inolako arrazoirik gabe beldurra sartzeko erabiltzeak ez du izenik"; "Europako herrialde aurreratuenetako biztanleak desiratzen daude minbizia pairatzeko!"; "Errauskailuen aurka dabiltzan bitartean, erretzaileak zigarroa lasai asko erretzen ari dira dioxina kantitate milaka aldiz handiagoa barneratuz". Horra otsailaren 1ean idatzi zenituenak. Bi aldiz pentsatu gabe egindako baieztapen mingarri horien aurrean atzera egin beharrean, idatzitakoaz hausnartu beharrean, bibliografia mediku-zientifikoa pixka bat errepasatu beharrean… otsailaren 22ko GOIENAn: "Nire idatzian jartzen nuena berretsi egiten dudala esan nahi dizut". Otsailaren 1ean esandako guztia "berresten" duzula, alegia! Rektifikatzea zegokizun. Baina ratifikatu egin duzu.

Badirudi arazorik gabe onartuko zenukeela errauskailu "moderno" bat Bergaran eraikitzea. Ikus dezagun zezenaren adarrak bistaratzean zure alderdikideek erakutsi zuten jarrera

Zubietan baino lehen, beste leku batzuetan saiatu ziren errauskailua eraikitzen. Lehenengo aukeratua Urnieta izan zen. Bertako PNVko ordezkariak errauskailua bertan egitearen aurka agertu ziren. Ondoren, Landarbaso aukeratu zuten (Astigarraga eta Hernani artean). Astigarragako eta Hernaniko PNVko ordezkariak errauskailua bertan egitearen aurka agertu ziren. Azkenik, Zubieta aukeratu zuten. Usurbilgo eta Lasarteko PNVko ordezkariak errauskailua bertan egitearen aurka agertu ziren.

Errauskailuei, batzuek, ez diete inolako arazorik ikusten. Oraingo errauskailuak "modernoak" baitira; punta-puntako teknologia baitaukate; filtro oso onak baitituzte. Oraingo errauskailuak Europako "herrialde aurreratuenek" dituztenen tankerakoak baitira; ez baitute batere arriskurik; oso seguruak baitira.

Etxe ondoan eraikitzeko proposamena iristen den arte!

Bosgarren edukiontzia = errauskailua = kantzerra.

Debagoienean nahi al dugu errauskailurik? Ez? Ba, Zubietan ere ez dute nahi.

--------------------

Ander Lizarralde Lizarralde

Oñati 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak