Eta alde horretatik kezkagarriak dira segurtasun osoz, arinkeria arduragabez, errauskailuaz eta minbiziaz idatzi dituzun baieztapenak (oso zalantzagarriak direnak). Honezkero antzemango zenion otsailaren 1eko zure artikuluaz ari naizela. Zatika erantzun nahi dizut. Zati batean hau diozu: "Errauskailuen aurka dabiltzan bitartean, erretzaileak zigarroa lasai asko erretzen ari dira dioxina kantitate milaka aldiz handiagoa barneratuz". Milaka aldiz! Ez hamar aldiz handiagoa. Ez ehun aldiz handiagoa. Milaka aldiz handiagoa! Txalo bero bat.
Dioxinen toxikotasunaz luze eta zabal ikertu dute zientzialariek. Esan beharra dago dioxina guztiek ez dutela toxikotasun bera. Dioxinen familia 210 konposatuk osatzen dute. Hauetatik 17 hartzen dira toxikotzat. 17 hauen artean, berriz, badago bat bereziki toxikoa dena, arriskutsuen artean arriskutsuentzat hartuta dagoena:
2,3,7,8-Tetraclorodibenzo-para-dioxin (TCDD) dioxina.
Berau hartzen da erreferentziatzat gainontzeko 17en toxikotasun maila zehazteko. Seveso dioxina ere deitzen zaio arriskutsuena den horri, eta gizakiak inoiz sortu duen substantziarik toxikoena bezala hartzen da. Ez dugu guk esaten, errausketaren aurka gaudenok. Zientzialariek hala katalogatzen dute.
Nazio Batuen Erakundeak ere gaur egun ezagutzen diren 12 substantzia toxikoenen artean sailkatu zuen dioxina arriskutsu hori, DDTa bezalako substantziekin batera (Stockholmeko konbenioa, 1999-2000 urteak). Azkenik, Osasunerako Mundu Erakundeak, zuk ukatzen duzun arren, 1997ko otsailean adierazi zuen 2,3,7,8-Tetraclorodibenzo-para-dioxin (TCDD) dioxinak minbizia eragiten duela gizakiarengan. Gu errauskailuetako dioxinez ari garenean dioxina horretaz ari gara.
Zuk, Aintzane, zigarroarena aipatzen duzunean, ze dioxinari buruz ari zara? Seveso dioxinaz? 210 dioxinen arteko 17 arriskutsuez? Edo gainontzeko 193etakoren batez? Zigarroaren dioxinez idazten duzunean, benetan pentsatzen al duzu zigarroak erretzean "milaka aldiz dioxina kantitate handiagoak" barneratzen ditugula errauskailuen ondorioz baino? Edo irribarretxo batekin lagunduta idazten dituzu halakoak? Kontua zer da, zigarroaren kontuarekin txistea egin eta bazterrak nahastea? Kontua zer da, eztabaida desitxuratzea? Gai honek arduratzen gaituenontzat mingarria da holakoak entzun beharra. Berrirakurri ezazu idatzi zenituenak eta hausnartu ezazu pixka bat baieztapen hain ziur haien inguruan. Nik, bitartean, erantzunaren segida prestatuko dut. Osasuna eta askatasuna.
--------------------
Ander Lizarralde Lizarralde Oñati