"Zorionak, zorionak, zorionak!"

Erabiltzailearen aurpegia Miren Laborda 2013ko urt. 27a, 01:00

Ez dira garai errazak, are gutxiago eskola publikoarentzat.

Alde guztietatik datozkigu murrizketak: ordezkapenetan, proiektu desberdinetako diru kopuruetan, langileon soldatetan… Hala ere, Bergarako San Martin Agirre Herri Eskolak oraingoan ere bere lanaren errekonozimendua jaso du: Eskola Jasangarri izendatu dute. Eta hori ez da oparitzen den agiria; izan ere, izendapen horren atzean ingurumena zaintzeko eskolak egiten duen lana dago. "Eskola jasangarria lortuz, gizarte jasangarria lortzeko lana bultzatuz". 

Eskolaren konpromisoa da ikasleari heziketa integrala eskaintzea, eta, horregatik, ezinbestekoa da jasangarritasuna bultzatuko duen hezkuntzaren alde lan egitea. Hortaz, zorionak, hori guztia posible egiteagatik!

Zorionak ere eskolak abenduan jasotako Kalitatea Hezkuntzan (ikastetxeetan etengabeko hobekuntza-prozesuak sustatzen, errazten eta bultzatzen duen kudeatzeko sistema) ziurtagiriagatik. 

Hemen ere, garrantzitsua da gure eskola kalitatekoa izan dadin egin dugun eta egiten jarraitzen dugun lana aipatzea. 

Zoriontzekoa da azken hamarkadan gure eskolaren matrikula hirukoiztu izana. Duela urte batzuetatik hona gure eskolako azpiegiturak nahikoak izan ez diren arren, herritar askoren konfiantza eskuratzea lortu dugu denon lanari esker. 

Gainera, datorren ikasturtetik aurrera, berreskuratu berri dugun Martinez de Irala eraikuntza martxan egongo da. Horrek gure proiektuarekin era egokian aurrera egin ahal izatea erraztuko du. 

Zorionak, beraz, hori guztia posible egin duzuenoi. Zorionak, Zuzendaritzari, familia guztiei kalitateko eskola eskaini behar diegula argi izateagatik eta hori lortzeko lan itzela egiteagatik. Zorionak, irakasleriari, murrizketak jasan arren, lanean tinko jarraitzeagatik. Zorionak, gainontzeko langile guztiei (atezaina, garbitzaileak, sukaldariak, hezitzaileak, begiraleak…); eskolak bere lana burutu ahal izateko beraien laguntza ezinbestekoa baita. Zorionak, eskolako familiei, beraien seme-alaben heziketan inplikatu eta gurekin batera lan egiteagatik. Zorionak, ikasleriari, gure proiektuetako oinarria  izanik, eskolako egunerokoan ilusio handiz parte hartzeagatik. 

Eta zorionak, orokorrean, gure eskolak gaur egun herrian duen prestigioa sendotzen lagundu duzuen guztioi.

--------------------

Miren Laborda

(Bergarako San Martin Agirre Herri Eskolako irakaslea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak