"Herriak ez du ahaztuko aurreko asteko GOIENAn Alex Ugaldek egin zuen komiki tristea". Aurrerago GOIENAko linea editoriala aldatzearen alde egiten zuen Anderrek. Komikiak benetan deigarria izan behar zuela konbentzitua, aste bat lehenagoko GOIENA papera hartu nuen esku artean.
Animatzen zaituztet komikia berriz irakurtzera. Egia esan, komikia deigarria da. Eta ez hori bakarrik, anbiguoa ere bada, baina zentzu onean. Hau da, nire ustez, esanahi desberdinak izan ditzake. Nik, behintzat, ez nuen hartu Anderrek hartu zuen bidetik, ezta gutxiagorik ere.
Uste dut komiki honek noizean behin gure herriaren errealitateak ematen dizkigun paradoxak islatzen dituela. Urte batzuk lehenago arrazoi bategatik idatzitako pintada batek orain beste esanahi bat hartu du egoera berri baten aurrean.
Paradoxikoa eta umoretsua ere bai.
Hori da ilustrazio on batek duena, batzuetan bi edo hiru edo esanahi gehiago izan ditzakeela. Eta ez da zaila ikustea. Burua pixka bat ireki behar da, hori bakarrik. Izan ere, besteen ikuspuntua ulertzeko gogoa erakutsiz gero, lortzen da besteek zure ikuspuntua onartzea.
--------------------
Inge Irizar Arrasate