... (inguruko beste batzuendako ere balioko luke).
Kontua da ni ia egunero Bergarara igeri egitera joaten naizela.
Joan-etorrian hamar kilometro eta erdi ditut.
Ba al dakizue zenbat tranko-rekin topo egiten dudan tarte horretan?
Berrogeita lau muturkada jotzen ditu nire kotxeak, eta nik berarekin, bide kaxkar hori egiteko.
Niri, orain artean, inork ez dit eman tranko horiek jartzeko arrazoirik, baina uste dut denok dakigula zein den:
"Jendeari irakastea herri barruan dagokigun abiaduran joan behar dugula".
Eta noiz arte iraun behar du lezio horrek?
Badaramazkigu urte batzuk, asko, eta oraindik hor jarraitzen dute; eta ez dirudi gutxiagora doanik.
Hain ikasle txarrak al gara, ba?
Antzina, letra, odoletan ikasi behar omen zen.
Gero, fusila eta makila, biak lagun ezagutu genituen: "Ikas dezala" edo "¡Para que escarmienten!". Eta isilik gero!
Hortik pasa ginenok badakigu zer izan zen hura, batzuek ahaztarazi egin nahi badute ere.
Lehen goitik ematen zigutena orain behetik.
Kotxe, pertsona edo aurrean jartzen den guztiari.
Eta herri honek noiz hartu behar du ikasiaren eta zibilizatuaren titulua?
Geure eskuetan dagoena lortzeko ez bagara, nola jasoko dugu burua?
Joan den udan, bi mila kilometrotik gora egin ditut Polonian eta Alemanian barrena autobusean, eta ez dut ikusi horrelako tranko bakar bat ere.
Jarri al zarete pentsatzen inguru horietako jendeak bisitatzen gaituenean zein gogoeta egingo duen?
Nik bai: "Zein basatik jarri ditu trasto hauek hemen? Ze jendilaje bizi da herri hauetan?".
Noiz ikasi behar dugu europarrak izaten, kaletik hasita?
Izurrite honek noizbait behar du bukaera eta nik, behintzat, aleman edo poloniarrak baino gutxiago izaterik ez dut nahi eta nire aldetik exijentzia da.
Jarri kamerak, aguazilak hogeita lau ordutan edo nahi dena, baina hasi lotsagarrikeria hori begien bistatik eta kotxeen azpitik kentzen.
Nik, eta nik bezala herri honetako gehienok, Europan bizi eta europar izan nahi dugu eta.
--------------------
Luis Mari Arantzeta
Antzuola