... batez ere lotsa handiz, irakurri nuen Itxaro Artolak abenduren 10eko GOIENA astekarian argitaratu zuen artikulua.
Zalantzarik ez, Biharamuna sailean azaldu zen testua askoz egokiagoa zen Ahobero sekziorako.
Inongo oinarri objektiborik ez duen ahokada batez, sinesmen oro errespetatzen duela dioen Itxarok irainez eta gezurrez zikindu ditu ezagutzen ez dituen Bergarako moja berriak.
Sinesmenak errespetatuko ditu, pertsonak eta hauen izen ona ez, ordea.
Arrasateko txikiteoan entzun omen dituen komentarioak eta Intereconomian leitutakoak aintzakotzat harturik, Trinitateko lekaimeak botere goseak mugitzen dituen okupa eta bizkarroi larru-sendoak direla dio Itxarok.
Gure artean hilabete besterik ez daramaten mojen kontra horren irain larri eta itsusiak jaurti ahal izateko, tabernako elkarrizketak ez zaizkit oso informazio iturri fidagarriak iruditzen.
Hori bai dela jarrera likitsa eta lizuna; hori bai higuingarria.
Intereconomiako web orrialdeaz aparte, inon galdetu ote du, txutxu-mutxuak argitze aldera, moja hauek nor diren, nondik datozen, zer egiten duten?
Inor publikoki eta hain zatarki iraindu aurrez, ez al luke Itxarok entzun dituen horiek egia ote diren hobeto aztertu behar?
Non gelditu da beren buruak defendatu ezin duten neska hauen ohore eskubidea?
Nor da bera, etorri berri den elkarte honen izen ona modu horretan desitxuratzeko?
Bestalde, Goienak ere kontu gehixeago izan beharko luke bere orrialdeetan edozer publikatu aurretik.
Denona eta denontzat izan nahi duen medio batek ezin du irain multzo bat besterik ez den artikulu bat argitaratu.
Goienaren sinesgarritasuna jokoan dago.
Dena den, Nazareteko Jesusen jarraitzaileok lehendik daukagu Itxaro Artolak moja berriekiko erakusten duen ezin-ikusiaren berri.
Jesus eta bere Berri Ona beti izan dira kontrakulturalak eta beti piztu izan dute munduaren gorrotoa.
Horregatik, Jesusek berak esana utzi zigun:
"Munduak gorrotatzen bazaituzte, jakizue zuek baino lehen gorrotatu nindutela Ni. Eduki gogoan Nik esan nizuena: morroia ez da nagusia baino gehiago. Niri eraso badidate, zuei ere erasoko dizuete".
Eta beste hau ere esan zigun Jesusek:
"Zorionekoak zuek, Niregatik biraoka eta erasoka erabiltzen zaituztenean, eta gezurretan asma-ahalak zuentzat esaten dituztenean; poztu zaitezte eta alaitu, handia izango da zuen saria zeruetan; zuen aurreko profetak ere, horrela baitzituzten gaizki erabili".
Beste behin, bete dira, hitzez hitz, Jesusen berbak.
Horrek kontsolatzen nau eta, ziur, Trinitateko mojek ere Jaunaren hitz horietan hartuko dutela poza eta atsedena.
--------------------
Jon Molina Bengoa
Arrasate