"30 urte eta hamaika galdera"

Erabiltzailearen aurpegia Maren Belastegi 2012ko abe. 1a, 01:00

30 urte igaro dira Eusko Legebiltzarrak 10/1982 Legea, azaroaren 24koa...

... euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, onartu zuenetik. 30. urteurrenaren harira, legearen apologia itsutik eta kritika suntsitzailetik urrun, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik (UEMA) hausnarketarako galdera batzuk planteatu nahi ditugu. 

Zergatik ez du 10/1982 Legeak euskararen herria bere osotasunean hartzen?

10/1982 Legea euskararen legeetako bat da, eta Euskal Herri zatituaren parte batean sortutako legea da. Hori du berezko akats eta muga. Beste lege bat ere badago, Nafarroan, eta, txarrean, beste bat ere eduki beharko genuke Ipar Euskal Herrian. Herri zatikatua da gurea, eta, horren ondorioz, euskaldunok ditugun eskubideak bizi garen tokiaren marko juridiko politikoaren araberakoak dira. Horregatik, euskalduna ez da legezko euskaldun oso Euskal Herriko toki askotan. Ba al da inon?

Zergatik da 10/1982 lege herrena?

Eusko Legebiltzarrak 1982an onartutako legea ez da gaur egun indarrean dagoena. Izan ere, alderdi politikoek gehiengoz (eta ez kontsentsuz) onartu zuten legeari eduki batzuk erautzi zizkion Auzitegi Konstituzionalak 1986an. Hasiera batean, lege horretako artikulu batek, 8.3 artikuluak, zirrikitu bat uzten zigun udalerri euskaldunoi euskara hutsean funtzionatzeko; betiere, gaztelaniadunen hizkuntza eskubideei inolako kalterik eragin gabe.

"(…) udalaren gizarte-hizkuntzazko egoera dela eta, herritarren eskubideen kaltetango gerta ez dedinean, herri-agintariek, Toki-Arduralaritzaren alorrean, euskera bakarrik erabili ahal izango dute".

Auzitegi Konstituzionalak artikulua inkonstituzionala zela ebatzi zuen. Ondorioa? Udalek gaztelania erabiltzeko betebeharra dute, nahiz eta udalerrian denak euskaldunak izan eta inork ez eskatu gaztelaniazko idatzirik. Indarrean dagoena, beraz, lege erautzia da, herrena; eta bistan da udalerri euskaldunok ibilbide luzeagoa, hobea eta eraginkorragoa egingo genuela herrenka ibili izan ez bagina. Zenbat aurreratuko genuen Auzitegi Konstituzionalaren esku-hartzerik gabe?

Zergatik ez du Legeak aintzat hartzen udalerri euskaldunen egoera soziolinguistiko berezia?

Legeak ez du aitortzen hizkuntza politika berezitua edota aurrerakoia egiteko gune aproposak daudenik. Adibidez, herritarren %80, %90 edo gehiago euskaldunak diren herrietan, zergatik ez da derrigorrezkoa herriko medikua euskalduna izatea? Zergatik ez du legeak aurreikusten halako eremuetan, eremu euskaldunetan, badagoela hizkuntz politikako neurri aurrerakoiak hartzea? Zergatik ez ditu legeak neurri horiek babesten? Zergatik ez dute amezketarrek herriko medikua euskalduna izateko legezko bermerik?

Zergatik uzten du 10/1982 Legeak euskararen normalizazioa borondatearen mende?

Euskal Autonomia Erkidegotik atera gabe ere, hainbat esparrutan ez daukagu lege eraginkorrik; hau da, legerik gabe bezala gaude. Enpresekiko harremanetan, adibidez, euskaldunok legez onartuta ditugun hizkuntza eskubideen zerrenda hutsala bezain baliogabea da. Joan, bestela, saltoki handi batera eta eskatu euskaraz atenditzeko. Legearen ze artikulutan oinarrituko zara zure eskubideak aldarrikatzeko? 

Gure ustetan, legearen izpirituan eta legearen aldeko diskurtsoan borondateak hartzen duen tokia gehiegizkoa da. Legeak lege izateko, neurri batzuk zehaztu eta neurriak betetzen ez dituztenekin zer egin ezarri behar du, eta, bestela, ez da legea, intentzio oneko adierazpena baizik. Gauzak borondatez egin ahal izateak gauzak ez egitea dakar, eta horrek ez atzera eta ez aurrera geratzeko arriskua dakar. Noren borondatea behar dugu aurrera egiteko?

Agian, Pako Aristiren galdera honi orain arte ez bezalako erantzun bat aurkitu beharko genioke: "Zer nahi dut, borondatezko politika baten ondoren euskara desagertzea, ala derrigorrezko politiken ondorioz euskara bizirik mantentzea?".

Zergatik bultzatu behar dugu herritarrok euskararen normalizazioa?

Legeak lege eta neurriak neurri, edozein hizkuntzaren normalizazio prozesuaren zutaberik sendoena herritarren atxikimendua da. Ezin dugu euskararen normalizazioan aurrera egin, euskaldunok bultza egiten ez badugu. Ahalik eta gehien urrundu behar dugu "Dena herritarrentzat, baina herritarrik gabe" eskematik.

Eta eskema hori hausteko, ezinbestekoa da denon indarrak batzea. Legeek ematen ez digutena edo erakunde batzuek ukatzen digutena, guk geronek aldarrikatu eta eraiki behar dugu, Euskaraz bizi nahi dut leloa gure eginez.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak abenduaren 1ean manifestazioa deitu du Donostian, Euskaraz bizi nahi dut leloarekin, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bat egiten du deialdiarekin. Hartara, UEMAk dei egiten die, bereziki, udalerri euskaldunetako herritarrei, Donostiara joateko eta euskaraz bizi nahi duten euskaldun direla aldarrikatzeko.

--------------------

Maren Belastegi

(UEMAko lehendakaria, UEMAren Zuzendaritza Batzordearen izenean)

Antzuola, Aramaio, Bergara, Elgeta eta Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak