Gure laguntza behar baitu, dituen egitasmoei eutsiko badie Euskal Herrian dugun euskara hutsezko egunkari bakarrak. Erlauntza osatzeko gure ziztada behar du, eta baita zeurea ere. Behar horri erantzuteko asmoz hedatzen doa Berrialagunen Komunitatea eta hortik Arrasateko Berrialaguna lantaldea ere.
Gure ziztadatxoa emateko ahaleginean (eta zeurea lortzeko asmoz) tonbolatxoa jarri genuen larunbatean Seber Altube plazan.
Ez da azken ekimena izango, oraindik egunero egin behar izango baitu erleak eztia, eta oraindik ere gure ziztada behar baitu Berriak.
Baina jaso zituen, bai, Berriak ziztadak, eta Berrialaguna lantaldea eskerrak emateko asmoz zuzentzen da zuengana.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu Ibai Arteko bazkideei eta Ternuari, zuek eman baitzenizkiguten banatu ziren sariak.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu, halaber, aurreko asteetan dendaz denda produktuak jasotzen ibili zareten gazteoi.
Eta eskerrak eman nahi dizkiegu, zelan ez, larunbatean musu-truk lanean aritu zineten euskaltzaleoi.
Eta ahaztu gabe, noski, eskerrak zuri, tonbolara hurbildu eta zeure ziztada eman zenuelako.
--------------------
Ane Zuazubiskar
(Arrasateko Euskalgintzaren izenean)
Arrasate