"EAJ eta justizia soziala"

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Redondo 2012ko aza. 24a, 01:00

Azaroaren 9an (ostirala) Aintzane Oiarbide Bergarako EAJren zinegotzi eta Batzar Nagusietako kideak...

... GOIENA paperean duen zutabea irakurri eta txundituta gelditu nintzen.

Beraien burua justizia sozialaren defendatzaile eta ezkerreko abertzaleak neoliberalismoaren ikur gisa aurkeztu gintuen. 

EAJ Robin Hoodekin eta ezkerreko abertzaleak PPrekin alderatu gintuen. 

Honen aurrean, EAJren eredu sozialaren 3-4 adibide ekarriko ditut paperera; bestela, GOIENA paper guztia beharko nuke-eta. 

Etxe kaleratzeak: 

2008tik behin eta berriz aurkeztu izan dira Kutxabanken etxe kaleratzeak gelditzeko proposamenak. EAJk PPren laguntzarekin guzti-guztiak atzera bota ditu, alternatibarik aurkeztu gabe. EAJ da EAEn etxe kaleratze gehienen arduradun politiko nagusia, pertsonak eta familiak kale gorrian utzi dituen alderdia.

Gipuzkoa paradisu fiskala aberatsentzat: 

Aberatsek ederra jauja izan dutena Gipuzkoan, hainbat izan dira aurrezkiak Gipuzkoara ekarri dituztenak, tartean Rafa Nadal tenislaria, EAJ ereduak aberatsei pribilejio galantak ematen baitizkie. Hala, Gipuzkoako Barne Produktu Gordina munduko altuenetakoa den bitartean (30.178 euro pertsonako urtean), aberastasunaren banaketan ikaragarrizko diferentziak daude. Gipuzkoarren %1,3k aberastasunaren %44 dute. EAJren ereduaren arabera ederki banatzen da aberastasuna… guztia berdinentzat!

Makro-proiektuak: 

Zer egin du EAJk herritarren diruarekin? Eraikuntza enpresa handien eskuetan jarri, makro-proiektuetan xahutu eta, gainera, bide beretik jarraitu nahi du: AHT, Errauskailua, Jaizkibelgo Super Portua… Proiektu hauek hamarkadetarako zorpetu gaituzte. Gogoratu, bestela, Bidegin 900 milioi euroko zuloa egin zuela aurreko legealdian EAJk. 

Norekin dago PNV, neoliberalekin ala langileekin?: 

Ikus ditzagun zertan ari diren EAJko hainbat burukide: Nuria Lopez de Gereñu (Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu izatetik Confebaskeko lehendakari izatera); Jose Antonio Ardanza (lehendakari postutik Euskaltelen lehendakari postura); Josu Jon Imaz (Euskadi Buru Batzarreko presidente kargutik Petronorreko presidente kargura). Nor izango da hurrengoa?

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kapitalismo basatiaren arduradun nagusia EAJ da. 

Kapitalismo basatiaren ereduaren gainetik herritarron Bergara eta Gipuzkoa, justizia sozialaren Bergara eta Gipuzkoa guztion artean egingo dugu.

--------------------

Ibai Redondo

(Bergarako Ezker Abertzaleko kidea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak