"Kukumiku, esandakoak argituz"

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Altuna 2012ko aza. 21a, 01:00

Azaroaren 5ean, asteleheneko Goiena-n, Aretxabaletan sortu berri den...

... Kukumiku elkarteari buruzko erreportaje bat azaldu zen. Eskerrak eman nahi dizkiogu komunikabide honi gure asmoen berri ematen laguntzeagatik. Dena den, zuzenketa pare bat ere egin nahi genituzke gaizki ulertuak ekidin aldera, guretzako garrantzitsua baita. 

Alde batetik, elkartea ez da hazkuntza taldea. Elkartea haur txikiak dituzten familientzako topagune bat da. Eta topagunea diogu, zentzu zabalenean. Hazkuntzan laguntzeko taldeak, berriz, elkartetik antolatu ditugun lehenengo jarduerak izan dira eta momentu honetan hiru talde daude martxan. Hilean behin, bi orduz, hainbat guraso elkartzen dira hazkuntzari lotutako hainbat gai lantzeko. Bertan, bakoitzaren bizipenak elkarbanatzeko aukera izaten dugu, baita profesional baten ikuspuntu objektiboa jasotzekoa ere. Hazkuntzan laguntzeko taldeez gain, beste hainbat ekintza burutzeko asmoa dugu. Joango gara honen guztiaren informazioa helarazten.

Bestalde, gure elkartea liderrik gabeko taldea da. Bazkideok asanbladan hartzen ditugu erabakiak eta egunerokotasuneko zereginak lantaldeetan banatu ditugu. Hazkuntzan laguntzeko taldeetara etortzen den pertsona hurrengo hileetan, eta espero dugu urteetan, bisitan etorriko zaizkigun pertsonen parekoa da, guretzako erreferentzia bat, baina inondik inora ere liderra.

Gure kolektiboa nahiko ezegonkorra dela esaten dugu maiz. Denbora ez dugu soberan eta ahal dena ahal denean egiten saiatzen gara, poliki-poliki, baina ilusio handiz. Nahi duenak zabalik ditu ateak.

--------------------

Nerea Altuna Arkauz 

(Kukumiku elkarteko kidea)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak