... langileak pobretzearen kontura. Mahai gainean ditu %34ko soldata murrizketa, soldatak izoztea 2015a arte, lanorduak handitzea 96 ordu (12 egun gehiago) eta antzinatasuna eta beste eskubide batzuk suntsitzea. Gainera, beren proposamena onartzen ez bada, lan erreformak ematen dizkien aukerak indarrez inposatuko dituztela mehatxatzen dute.
Euskal Herria Sozialista-k babes osoa eman nahi die Arcelor Mittal-eko langileei eta antolatu dituzten mobilizazioei.
Zerbaitetarako balioko dute enpresak planteatutako eraso guztiek? Zenbat kontzesio gehiago egin behar dituzte langileek? Ezerk ez du ematen nahikoa. Ez dago azken sakrifiziorik, enpresak beti aurkitzen du langileen lepoa estutzeko arrazoiren bat. Etengabeko xantaiarekin, beste modu batera irentsaraztea oso zaila izango liratekeen lan baldintzak inposatu nahi dituzte. Horregatik, sindikatuek atzerapausoa ekarriko lukeen edozein akordiori ezezkoa eman behar diotela uste dugu, honek ez bailuke balioko enpresaren erasoak geratzeko, bera are gehiago harrotzeko baizik.
Posible da erasoa geratzea, langileen arteko batasun handienarekin. Borrokan langileen batasun handiena lortzeko, oinarrizkoa da Batzar Orokor bateratuak antolatzea, langileek mobilizazio eraginkorren plana erabaki eta bozkatzeko. Borroka ez da erraza, baina enpresa gogor doa eta langileak asko jokatzen ari dira. Batzuek behin eta berriro sinetsarazi nahi dutenetik urrun, enpresa ez da ahalguztiduna, langileok indarra dugu, handia, ondo erabiltzen bada.
Beharrezkoa da greba eta mobilizazioen egutegi argia antolatzea, langileei konfiantza emateko beren indarretan. Baina beharrezkoa da lehen unetik gatazka kanpora ateratzea, elkartasuna eta batasuna bilatzea Europako Arcelor Mittal-eko beste fabrikekin, Goierrin eta Euskal Herrian borrokan ari diren sektore guztiekin (Corrugados, Cementos Lemona, Guardian, Gamesa...). Arcelor Mittal-ek zatiketa eta beldurra erabiltzen baditu langileak beren artean aurrez aurre jartzeko, langileek batasun eta elkartasunaren alde egin behar dute apustu. Arcelor Mittal-eko borroka milaka langilerentzako erreferentzia puntu bihur daiteke. Hau gertatzen bada, enpresak jasan beharko lukeen presioa ikaragarria izango litzateke eta beren planak atzera botatzea posible izango litzateke.
Murrizketen, kaleratzeen edo itxieraren mehatxuen aurrean beharrezkoa da alternatiba argia defendatzea: enpresaren birnazionalizazioa langileen kontrolpean. Egin daitekeen sindikalgintza errealista bakarra gure eskubideak defendatzeko mobilizazioan eta langileen batasunaren indarrean oinarritzen da.
--------------------
Ibon Artola
(EHS aldizkariko kidea)
Debagoiena