Eta ez naiz inoiz Olinpiar Joko batzuetan egondakoa. Eta ez naiz egongo Londresen aurtengo Joko Olinpikoak ikusten.
Hala ere, nire ustetan, aurtengo Joko Olinpikoek erakargarriago bihurtuko dituen arrazoi bat daukate: Maider Unda aramaioarraren parte-hartzea, hain zuzen.
Gaur egun, kasu askotan, komunikabideek goraipatu, izartu eta jainkotutako kirol batzuez haratago (hor ditugu gizonezkoen Athletic edo La roja-ren adibideak), beste bizitzarik ez dagoela dirudienean, hor dugu, bertatik bertara, Maiderren kasua.
Ezaguna ez den kirol bat egiten (aitortu behar dut nik ere ez ditudala bertako arauak ongi ezagutzen...); gainera, emakumea (Sharapova ez bazara, komunikabideentzat ikusezina).
Ba horren guztiaren gainetik, mundu osoko zerrendetan aurrenetako postuetan eta beraien kirol jarduera lanbidetzat hartu duten beste emakume profesional batzuekin lehiatu eta pare-pare parean dabil.
Ea egindako lanak ongi merezitako fruitua ematen duen eta urrezko dominarekin lepoan zintzilik ikusten zaitugun.
Dena dela, Maider, egiten duzuna egiten duzula ere, niretzat, giza baloreei eta egindako lanari erreparatuz gero, Londresera joan aurretik ere irabazia daukazu urrezko domina (morala, behintzat).
Post-data: sentitzen dudan bakarra, gurea ez den banderape batean desfilatu eta lehiatu behar izana...
--------------------
Mikel Errasti
Aretxabaleta