... Gipuzkoan Ingurumen Foru Diputatu gabe egongo gara dagoeneko, EAJ-PSE-PPk aurkeztutako eta, elkar hartuta aurrera ateratako zentsura mozioaren ondorioz. Baina ez gaude ordea, hiri hondakinen kudeaketa integralerako alternatiba edota proiekturik gabe. Ez dagoelako zentsura moziorik proiektu bideragarri eta eraginkorren gainetik pasa daitekeenik.
Aspaldiko urteetan EAJ-PSE-EE eta PP elkar hartuta, gure lurraldera begira pertsonen ongizatea albo batera utzita, makro-azpiegiturak ardatz dituzten proiektuak sustatzen eta garatzen aritu dira eta horretan dihardute baita hiri hondakinen kudeaketarako egin duten planteamenduan ere, lurraldeko errealitatea kontutan hartu gabe, bertako ekonomia, gizartea eta ingurugiroari erreparatu gabe. Azken hilabeteotan, hauteskundeen usainean guztiz manipulatuz, eta politizatuz hondakinen gaia, beste helburu batzuk begi bistan izanik.
Guk garbi daukagu, berandu baino lehen hiri hondakinen arazoari bere osotasunean irtenbidea emango diogula, atez ate versus 5. edukiontzia eztabaida antzu eta faltsuetatik harago. Eta bide horretan kokatzen da Aldundiak aurkeztu zuen garapen estrategia. Garapen estrategia erreal, bideragarri, eta malgua. Konponbidea xede izan da, lurraldeko gainerako alderdi eta eragileei eskua luzatuz. Batzar Nagusiak eta GHKren (udalak eta mankomunitateak biltzen dituen konsortzioa) arteko eskumenak eta gehiengoak elkarren aurka jartzen jarraitu beharrean, uztartu eta elkarlana abian jartzeko asmoz; inbertsio txikiagoa eskatzen duen teknologia malgu eta aurreratuak erabiliz, hondakinen tratamendua etorkizunean sor daitezkeen errealitateetara irekita utziz; oinarri gisa hondakinen minimizazioa, berrerabilpena eta birziklapena hartuz, alegia zero zabor filosofia eta ez, gero eta hondakin gehiago sortzera behartzen gaituzten azpiegitura erraldoiak; hurbiltasunaren printzipioan eta deszentralizazioan oinarritutako sistema ardatz hartuta, ondorioz, eraginkortasun energetiko eta ekonomikoa garatuz. Beraz, ustez behintzat, guztiok ados egon gaitezkeen irizpide eta printzipioetan oinarrituta aurkeztu du bere proposamena Aldundiak.
Saiakera egin ere egin da, egon daitezkeen bi alternatiben inguruan hurbilpen bat lortzen, Diputatu Nagusiak alderdi guztiekin abian jarritako elkarrizketaren bidez. Saiakera egin da, baina arrakasta handirik gabe. Saiakera egin da, etorkizunera begira, gure lurraldean hiri hondakinen kudeaketa arazoari irtenbidea emateko, egon daitezkeen bi alternatiben inguruan, dauden gehiengo desberdinak espazio komunean bildu eta elkarrizketaren bidez, aurrera begira urratsak emateko. Hor dugu esaterako, Aldundiaren barruan sorturiko Hondakinen kontseilua, bertan daude esparru desberdinetako ordezkaritza guztiak lehendabizikoz elkarrekin, alde bateko eta besteko gehiengoak gaindituz. Agian, hauteskunde atari honetan ezinezkoa dena, hauteskunde ostean guztiok posible egin genezake.
Baina horretarako guztiok hausnartu eta autokritika egin behar dugu, guztiok egin ditugun akatsetatik ikasiz, eta momentu honetan bizi dugun konfrontazio itsuak estaltzen digun bilakaera positiboa azaleraziz. Hiri hondakinen eztabaidak ere eman dituelako emaitza positiboak eta kontutan hartzekoak. Ikusi besterik ez dago, orain dela urte batzuk ezinezkoa zena, orain inork ez duela zalantzan jartzen. Eta horren adibide agerikoena materia organikoaren bilketan daukagu. Hau da, urte batzuk atzera joaten bagara, ikusten dugu 2002an, PIGRUG dokumentuan ez zela materia organikoaren bilketa aurreikusten. Aldiz, 2008an PIGRUGen aurrerapen dokumentuan jada materia organikoaren bilketa atez ate zein 5. edukiontziaren bidez jasotzeko aukera irekitzen zela. Dokumentu bi hauek EAJ, PSE-EE eta PPk babestuak. Momentu honetan materia organikoaren bilketaren banderadun bilakatu dira, bere momentuan ikusi ere ez zutenean egiten materia organikoaren bilketa selektiboa. Beraz, hondakinen kudeaketa faseetan, ez ginateke gai izango guztion artean ados jartzeko materia desberdinak ahalik eta modu egokienean biltzeko? Hondakinak tratatzeko azpiegitura arrazional eta bideragarriak bilatzeko?
Gu konbentzituta gaude, guztion artean, herritarrek behar duten eta lurraldera egokituta egongo den irtenbidea bilatu dezakegula, dauden bi alternatiben inguruko eztabaida patxadatsu eta arduratsua mantentzeko gai bagara, benetan konponbidean zentratzen bagara. Eta horregatik guztiarengatik, zentsura mozioen gainetik, eskua luzatuta lanean jarraituko dugu, arduraz jokatuz.
--------------------
Maider Otamendi, Ander Rodriguez, Rebeka Ubera eta Enrike Letona (Debagoieneko EH Bilduren izenean) Debagoiena