... ekainaren 30erako, Oñatiko Fan Hemendik Batzordeak II. Fan Hemendik Eguna antolatu du.
Bertan, bigarren urtez jarraian, Euskal Herrian dauden indar okupatzaileek gure herritik alde egitea eskatu eta aldarrikatuko dugu.
Euskal Herrian, orokorrean, eta Oñatin, partikularrean, indar okupatzaileen presentzia sufritzen ari gara azken hamarkadetan, baina orain, bizi dugun egoera politiko berrian, egoera iraultzeko aukera dagoela uste dugu.
Gaur inoiz baino arrazoi gehiago daude Euskal Herriaren desmilitarizazioan konpromisoak hartzen joateko, eta ildo hau jorratzeko asmoz, Fan Hemendik Batzordekook Oñatiko Guardia Zibila bere kuarteletik bidaltzeko helburuarekin lanean gabiltza.
Garbi daukagu desmilitarizazioa Euskal Herriarentzat onuragarria izango dela esparru guztietan (politikoan, sozialean zein ekonomikoan).
Beraz, aldarrikapen honen alde borrokatzea guztiz zilegi dela uste dugu.
Oñatiko eta Debagoieneko herritarren gehiengo zabalaren bultzada dugulakoan gaude eta bide honetatik, 2011n Oñatiko Udalak aho batez Guardia Zibila Oñatitik bidaltzeko konpromisoa berretsi zigun mozio bidez.
Helburua errealitate bihurtzeko hitzetatik ekintzetara pasa gara eta beste urte batez, debagoiendar guztion bultzada eskatzera gatozkizue, gazte zein heldu, emakume zein gizon, guztiok egon baikara beraien jomugan.
Honetarako, ekainaren 30erako gertatu dugun egitarauan parte hartzera animatu nahi zaituztegu, bereziki arratsaldeko zazpietan plazan hasiko den manifestazioan.
Gonbita bidalita, zuen erantzunaren zain geratzen gara.
Denon artean lortuko dugu.
--------------------
Ander Astigarraga eta Oier Fernandez
(Fan Hemendik Batzordearen izenean)
Oñati