Bilduk orain daukala horretarako aukera. Eta zer galdetu behar du? Atez atekoa bai edo ez? Ala errauskailua bai edo ez? Ala errauskailua Bergaran bai edo ez? Pentsatzen dut, Aintzane, Bergaran Gipuzkoa osorako errauskailu bat jartzeko arazorik ez zenukeela izango, dirudienez errauskailuek inolako toxikotasunik ez baitute zuretzat. Aurreko asteko gutunean jartzen zenuen Bilduko Alduntzinek berak ere aitortzen duela errauskailuak ez direla toxikoak. Nik ez dakit nondik atera dituzun Alduntzinen hitz horiek. Zuk ondo dakizu Bilduk behin eta berriz esan duela errauskailuek ingurumena kutsatzen dutela eta gure osasunean gaixotasun larriak (minbizi mota ezberdinak, arnas arazoak…) sortzen dituztela. Errauskailuetan dena nahastuta erretzen da (letxuga hondarrak, medizinak, ogia, pilak, boligrafoak…) eta hondakinon errekuntzaren ondorioz oso toxikotzat hartuta dauden substantzia kimikoak sortzen eta eraldatzen dira: dioxinak, furanoak, merkurioa, artsenikoa, nanopartikulak, eta abar luze bat... eta oraindik identifikatu ere egin ez diren beste asko. Substantzia hauek, alde batetik, aireratu egiten dira errauskailuetako tximinietatik; bestetik, errauskailuaren filtroetan geratzen dira errauts toxiko gisa (erretakoaren %5-8); eta azkenik, errauskailuaren oinarrian geratzen dira eskoria toxiko bezala (erretakoaren %20-25). Ez dakit nondik atera duzun Alduntzinek errauskailuak ez direla toxikoak esan duela, gogoan baitugu Larraitz Ugartek (Bildu), adibidez, Goienan bertan egin zituen adierazpenak: "Zubietako errauskailua erabat toxikoa da". Eta gogoan baitugu ekainaren 4an, prentsaurreko batean, Bilduko 50 alkatek esan zutena: "Ez dugu planta toxikorik nahi gure herrietan, ezta lurralde osoan ere" (Deia). Eta beste hamarnaka adibide ere aurkitu ditugu. Baina ez du Bilduk bakarrik esaten errauskailuak toxikoak direla: ELA, CCOO, Greenpeace, Ekologistak Martxan, IU-Ezker Anitza eta Aralarrek (eta abar luze batek) ere esan dute behin eta berriz. Eta 2008ko ekainean Europako 33.000 sendagilek ere gauza bera esan zuten; eta OME (Osasunerako Mundu Erakundea) ere argi mintzatu zen errauskailuetatik irteten diren dioxinen arrisku kezkagarriaz. Zuek zarete errauskailuen toxikotasuna ukatzera iritsi zareten bakarrak. Zuek ez birziklatzearen aldeko apustua egin duzuen bakarrak (bosgarren edukiontziaren disimuluaz). Zuek Gipuzkoa enpresa pribatuei entregatu diezuenak. Zuek. Zuek, PP eta PSOE.
--------------------
Ander Lizarralde Lizarralde
Oñati