"Udalatxek ez du Kanpazarreko harrobia maite, ezta guk ere"

Erabiltzailearen aurpegia Arkaitz Biain 2012ko eka. 18a, 02:00

Ez da berria Udalatxeko Kanpazar harrobiaren afera...

... baina beharbada proiektua bezala, hau lur azpian ezkutuan geratzea nahiago duenik badago, (kareharriaren) hautsak ez harrotzeko edo...

Baina gaia ezin dugu begi bistatik kendu, eta hiruzpalau hilabete atzerago Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerapenean, 400 herritar inguruk Udalatxeko harrobiaren barne ustiapenaren aurka egindako ekarpenak berriro gurera ekartzea ez dago soberan. Batez ere, gaur egun inoiz baino beharrezkoago, ekarpen haietan argudiatzen zena gogoraraztea ezinbestekoa jotzen baitugu. 

Alde batetik, Cantera de Campazar SA enpresak aurkeztutako ustiapen azterketak muga guztiak azpijoko bitartez gainditu ditu, nola ez, interes pribatuetarako herriaren ondasun naturalak kaltetuz. Bestetik, harri horren eskariaren ehuneko handiena beste behin ere, gure lurra, eta honekin gure etorkizuna, hipotekatzen duten makro proiektuen mesedetara bideratzen da. Besteak beste, Aramaiok eta bere herritarrek jasan duten eta jasaten ari diren sarraskia elikatzeko. 

Eta elikatzeaz ari garela, ezin albo batera utzi ustiapen honek krisira bultzatu gaituzten enpresa handien interesak elikatzen dituela, herriarentzako etxebizitzak egiteko makillajepean aurkezten diguten arren.

Kontua ez da teknika aurreratuenak erabiliz paisaia, gainazala, kaltetzen ez duela. Krisi ekonomiko- ekologikoa, eta oro har, bizi dugun zibilizazio krisia gupidarik gabe elikatzen duela da gakoa. Interes pribatura mugatuz, eta herriaren mesedetan dabiltzala lau haizetara aldarrikatuz, sinatu ez dugun hipoteka baten jabe egin nahi gaituzte. Martxa honetan gure ondorengoek eta hauen ondorengoek ere ordaindu ezingo duten suizidio herrikoiaren ziurtagiri krudel bat gehiago sinaraztea da euren helburua. Arrasateko Ezker Abertzaletik ziur gaude soilik interes pribatuak helburu dituen sarraski ekonomiko-ekologiko honen aurrean, ahal izanez gero, Udalatxek ere ahotsa altxatuko lukeela, finean ez duelako Kanpazar harrobia maite.

Ondorengo ideiarekin bukatu nahiko genuke eskutitz hau: ez gaitzala Cantera de Campazar enpresaren eta bere lagunen aurrerapenaren eta herriaren aldeko diskurtsoak engainatu, Udalatxeko zuloa arrasatearron eta euskal herritarron zentzurik zabalena eta negatiboena suposatzen duen zuloa baita.

--------------------

Arkaitz Biain

(Arrasateko Ezker Abertzalea)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak