"Ekainaren 17an, hirugarren hanka: Haize Errota erraldoia"

Erabiltzailearen aurpegia Mari Karmen Larrañaga 2012ko eka. 15a, 02:00

Hondakinen kudeaketaren gaiak pil-pilean segitzen du Gipuzkoan.

Hedabide handiek sekulakoak eta bi botatzen segitzen dute errauste planta eraikitzea galeraz dezakeen edozein planteamenduren aurka. Gezur bat behin eta berriz errepikatuta egia bihurtzen delako saioan.

Zorionez, errealitatea egoskorra da, eta Gipuzkoan jauntxo diren lobbyei handiegia gertatzen ari zaie kontrolatzeko. Espainiako PPren gobernuak berak eredugarritzat dauka Usurbilgo atez atekoa. Europako Parlamentuak onartu berri duen txostenak zabortegi kutsakorren itxiera eta material birziklagarrien errausketa debekatzea eskatzen du. Europako Batzordearen materialen efizientziarako bide orria ildo beretik doa. Diputazioak aurrekontuaren erdiarekin honetara guzti honetara egokituko den eta errausketa baztertuko duen plangintza aurkeztu du. Berri itxaropentsuak handik eta hemendik.

Arauak eta plangintzak osasuna eta ingurumenaren alde. Arauak eta plangintzak. Bi hanka itxaropenari eutsi ahal izateko. Baina itxaropenari egonkortasuna  eta oreka emateko ezinbestekoa dugu hirugarren hanka baten gainean eustea. Herritarron babesa da hirugarren hanka hori. Herritarron babesik gabe, itxaropenak ez du behar besteko sendotasunik eta egonkortasunik izango.

Herritarrok ezin dugu geldi geratu. Gure esku dago zaborraren, errautsaren, kutsaduraren eta etsipenaren grisetik alde egin eta birziklatzearen, iraunkortasunaren eta itxaropenaren koloreak izango dituen etorkizunari euskarria jartzea. Hirugarren hanka hori finkatzeko antolatu dugu ekainaren 17ko aldarrikapen-festa Donostiako Saguesen. Denok gara hondakinekin dugun arazoaren parte, eta denok daukagu konponbidean gure lekua. Alderdikeriak eta ika-mikak alde batera utzi, eta herritarrok gure lekua hartu behar dugu aire garbiak biratuko duen errota koloretsua irudikatuko duen mosaiko erraldoian. Eskuratu mosaikoa osatzeko kartulina lehenbailehen. Informazio gehiago www.gipuzkoazz.com web orrian.

Hartu zure lekua! Etorkizuna guztiona da eta!

--------------------

Mari Karmen Larrañaga, Tomas Agote eta Ibai Larrañaga

(Debagoiena Zero Zabor taldea)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak