... gure herrian hain garrantzitsua den Korpus prozesioan parte hartzearen inguruko hausnarketa bat burutu genuen taldean.
Gutako inork ez zuen zalantzan jarri Oñatiko Korpus prozesioak alderdi erlijiosoari dagokionez ez ezik kultura eta folklore aldetik ere balio berezia duela.
Garbi geratu zen, beraz, Udal Gobernu taldetik begirune osoa diogula ekitaldi honi.
Hain garbi geratu ez zena ordezkari politikook prozesioan jokatu beharreko papera izan zen.
Batek baino gehiagok pentsa lezake tradizio bat den aldetik, horrela izan behar duela eta kitto.
Gure ustez, tradizioa izate hutsak ez luke justifikatu beharko ordezkari politikook bertan parte hartzea.
Gizartea eta giza baloreak aldatzen joan diren heinean, tradizio askok aldaketak jasan dituzte, sinbolizatzen dituzten baloreek gaur egungo gizarte zabalean errotuak eta onartuak dauden hainbat balorerekin talka egiten dutelako.
Garai batean botere erlijioso, militar eta politikoak elkarrekin ateratzen ziren prozesioetan eta gaur egun ere toki batzuetan horrela izaten jarraitzen du.
Oso garbi dugu hau gaur egunean jada zaharkituta dagoen gizarte eredu baten isla dela.
Jakina da garai modernoan mundu guztian zehar banaturiko herrialdeetan joera garbia estatua eta bere instituzioak sekularizatzearena dela; plano politiko eta erlijiosoak bananduz.
Ordezkari politikoak gara, eta, beraz, herritarren ordezkari.
Herritar sinestunak eta sinestunak ez direnak ordezkatzen ditugu; kristauak direnak eta ez direnak.
Gure uste apalean prozesioetan herritarrek izan behar dute protagonismoa, eta ez ordezkari politikoek.
Ordezkari politikoek parte hartzekotan herritar gisa parte hartu beharko luketela uste dugu; gainontzeko beste herritarrekin batera maila berean.
Ea aurtengoan ere eguraldiak laguntzen duen, baina neurrian.
Iazkoa bezalako beroarekin gaizki behar dute eta andero, dantzari... eta santuek eurek ere.
Animo, denei, eta gozatu Korpus jaietan!
--------------------
Mikel Biain Berraondo (Oñatiko Udal Gobernuaren izenean) Oñati