1990eko azaroaren 17an atxilotu zuten Frantzian. 1996ko martxora arte Frantziako hainbat espetxetan eduki zuten bahituta. Estradizioaren ostean hamaika kartzelatatik pasatu da eta orain Teixeiro Curtisen dago, Galizian, etxetik 650 km-ra.
Honenbestez, azaroan 22 urte beteko dira askatasuna lapurtu ziotenetik. Legearen arabera, 2016an libre behar luke, baina gaizki deituriko Parot doktrina famatua aplikatuta, 2026ra arte luzatu diote espetxealdia.
Gobernu Espainiarrak bizi arteko zigorraren aldeko apustua berretsi du erabaki politiko honekin. Eskandalua da egungo egoera politikoan Espainiako Gobernuak gerra eta mendeku usaina duen espetxe politikaren alde egitea. Politika horrek kontra egiten die presoen eta familien eskubide oinarrizkoei, eta, horren ondorioz, jende gehiago hil liteke edozein egunetan.
Horregatik, planto egiten dugu, plantatzen gara. Kartzelaldia betetako presoei bizi arteko zigorra aplikatzen dien justiziak ez du zilegitasunik Euskal Herrian. Ezin dugu inola ere onartu herri honetako bakea urruntzea helburu duen lege-sarea, gizarteak garbi arbuiatzen duen lege-sarea.
Oñatiko Herrirak lanean jarraituko du, inoiz baino kementsuago, presoei aplikatzen zaizkien salbuespen-neurriak desagertu arte. Gizarteari lan honetara biltzeko dei egiten diogu, zeren, zenbat eta lehenago lortu, orduan eta lehenago ailegatuko baita bakea herri honetara. Epe motzean aurrera eramango diren ekimenetan parte hartzeaz gain, Albertori eta familiari sostengua eta elkartasuna maila pertsonalean ere adieraztera animatu nahi dugu herritargoa, ahoz, gutun bidez, bisitatuz…
Bakoitzak bere esparrutik, eta konpromiso maila ezberdinetatik, ekin lanari, denon artean bizi arteko zigorra amaituko dugu eta! Gizartea mugitzeak dakar agintariak mugitzea. Lortuko dugu!
--------------------
Ibon Ugarte eta Mikel Kortabarria
(Herrira mugimendua)
Oñati