Horren lekuko dira maiatzaren 19ko Goazen plazara! ekimenak izandako babes zabala eta Euskal Herriko plazetan milaka inguru batzea.
Arrasateko Herriratik eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen parte-hartzeaz egun hau posible egin duzuen eragileei: krosa antolatu zenuten kirolariak, monitoreak, AGAKOko kideak, bazkariak prestatu zenuten elkarteetakoak, musikariak, txistulariak, dantzariak, bertsolariak, trikitilariak eta, noski, ekimenetara agertu zineten herritarrak ere bai.Azkenean, zortzi orduz bete genuen plaza eta preso eta iheslari politikoen eskubideen aldarria ozen entzun zen Arrasaten.
Hala ere, Espainiako eta Frantziako gobernuek giza eskubideen urraketa larriak dakarten erabaki politikoak hartzen jarraitzen dute. Asteburu honetan arduradunei entzun diegunez, helburu politikoak jartzen dizkiote espetxe politikari, eta behin eta berriro hainbat eragileri baldintza berriak jartzen dizkiete espetxe politika aldatzeko.
Herrira ekimenak garbi du, ordea, giza eskubideek ezin dutela muga politikorik izan. Giza eskubideak errespetatzeko dira. Gobernuen jarrera aldatuko duen aktibazioa antolatzen jarraitzea dagokigu herritarrei, espetxe politika diseinatzen duten politikariak behingoz mugitzeko.
Eskubide urraketa horien adibide garbiena gaixotasun larriak dituzten presoak dira. Horien artean dugu Iosu Uribetxeberria arrasatearra. Minbizia edo gaixotasun psikologiko larriak dituzten presoak espetxean mantentzea ez da gizabidezkoa eta euskal jendartearen gehiengo zabal batek behin betiko finkatu nahi duen aro berriari traba nabarmena egiten dio.
Duela aste batzuk Arrasateko Udalak adierazpen bat onartu zuen Iosuren askatasuna eskatuz. Askatasun eskaeraz gain, Leongo espetxeko zuzendariarekin biltzeko asmoz bertara joateko konpromisoa hartu zuen, Bilduren, Aralarren eta EAJren babesarekin.
Herrira bilgunetik, Udalaren konpromisoa positiboki baloratu ostean, martxa herritar bat antolatuko dugu ekainaren 9rako, udal delegazioa laguntzera Leonera joateko. Eta itzuleran, 19:30ean, manifestazioa egingo dugu Arrasateko kaleetan, gaixo larri dauden presoen askatasuna eskatzeko, horien artean Iosu herritarrarena. Gero eta eragile gehiagok eskubide urraketa hauek salatzen dituzten arren, ezinbestekoa da herritarrak ere dinamika hauetan inplikatzea. Dei egiten dizuegu arrasatearroi, ekainaren 9ko ekimenetan parte har dezazuen. Ordura arte!
--------------------
Gaizka Azkarate
(Arrasateko Herrira)
Arrasate