PSOE eta PNVk pentsioen erreforma eta lan erreforma burutu zuten orain hilabete batzuk. PPk Madrilgo gobernua lortu ondoren murrizketa hauetan sakondu eta eskubide sozialen zapalketa inoiz ezagutu dugun handiena izaten ari da: lan baldintzak; administrazio publikoa; pentsioak; laguntza sozialak; fiskalitatea eta amnistia fiskala dirudunentzat;… eta orain hezkuntza eta osasun publikorik gabe utzi nahi gaituzte!
Argi dago, planto esateko garaia da Bergaran eta Euskal Herri osoan. Badirudi greba orokor bat ez dela nahikoa; bada, jakin dezatela herria aurrez aurre izango dutela…egunero!
Alternatiben garaia da. Gaur egun euskal herritarrok inoiz eta inon onartu ez ditugun instituzioetatik gauzak egin daitezke eta zenbait instituziotatik horretan ahalegintzen ari gara: fiskalitatean aldatu dezakeguna aldatu, dirudunek gehiago ordaindu dezaten eta aberastasuna banatzeko; aurrekontuak makroproiektu txikitzaileetara (AHT, erraustegia, super portua) bideratu beharrean proiektu sozialetara eta ekonomia produktibora bideratuz (Gipuzkoa Saretzen); etab. Baina egoera honi buelta emateko burujabetza osoa behar dugu, erabakitzeko eskubidea behar dugu. Nazio bat gara, hemen bizi gara eta bertan erabakitzeko eskubidea behar dugu: ekonomia herritarren zerbitzura eta ez multinazional eta banketxeen zerbitzura antolatzeko; Euskal Herriko aberastasuna euskal herritarren artean banatzeko; gizon eta emakumeen aukera berdintasuna lortzeko; garapena natura errespetatuz egiteko; etxebizitza eta lan eskubideak bermatzeko; osasuna eta hezkuntza benetan publikoak eta euskaldunak izan daitezen;…Ametsak? Bai, zera! Euskal Herria oso aberatsa da (renta per capita Europako altuenen parekoa da), baina aberastasuna banatu eta ongi administratu beharra dago (horretan azkenengoak gara).
Horregatik, Bergarako gazteek aste honetarako eta bereziki ostiralerako deitu dituzten mobilizazioekin bat egiten dugu. Gazteen eta beste guztion etorkizuna dago jokoan. Murrizketei indar guztiz erantzuteko garaia da, mobilizatzeko garaia da, independentzia lortzeko garaia da. Ezker Abertzalearen konpromisoa da etengabeko mobilizazioa, herritarrekin batera alternatibak aurkitzea eta praktikara eramatea. Ostiralean, 7etan, denok plazara.
--------------------
Ibai Redondo (Bergarako Ezker Abertzalea) Bergara