"Isilik ez"

Erabiltzailearen aurpegia Pedro Sologaistoa 2012ko api. 30a, 02:00

Berriz ere jubilatu eta langileen bizkargainera datoz kapitalismoaren basakeriak.

Lehen PSOEren gobernua zen eta orain PPrena da Europako eta Espainiako kapitalisten interesak zaintzeko asmoz dekretazoz dekretazo eta gupidarik gabe behartsuenak itolarrian uzten ari direnak.

Bizimoduari aurre egiteko gure pentsioak gero eta gutxiago balio dutenean eta osasunez ondo egoteko edade txarrenean sartu garenean, botikak gure poltsikotik ordaintzera behartu nahi gaituzte madarikatu hauek, eta ondoren kabezerako mediku eta espezialistaren kontsulta eta ospitaleko ingresoa ere bide beretik ei datoz, zerbitzu horiek ordaindu egin beharko ditugula alegia.

Edadearen eraginez gaixotasunak ugaritzen hasten direnean eta osasun zerbitzuetara gazteagoak izan ginenean baino sarriago joan beharra daukagunean, lehen estututa zegoen gerrikoa gehiago estutzeko neurriekin datoz PP eta orokorrean sistema kapitalista defendatu eta haren babesean eroso bizi den jendilaje guztia.

Hemen, gurean, hiru probintzietako Jaurlaritza Nafarroako Gobernuarekin batera ez ei dauka zereginik botikak ordainarazi nahi dizkigun dekretuaren aurrean eta Lopez-Barcina bikotea Euskal Herriko langile eta pentsionisten borrero izango da oraingoan ere. 

Askotan eskatu dugu LABetik hemen bertan erabaki behar direla osasun arloko eta gainontzeko politikak, eta ez Madrildik. Lan egin dezagun Euskal Herriko pentsionista guztiok gure bizi-baldintzak ez daitezen ondoratu eta esna gaitezen jubilatu-etxeetako lozorrotik eta atera dezagun kanpora, plaza-erdira, gure haserrea. Demostra dezagun ez gaudela isilik geratzeko asmotan.

--------------------

Pedro Sologaistoa, Jose Antonio Amundarain, Jabi Altube eta

Jabier Arana

(Oñatiko LAB Erretiratuak)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak