"Benetan pozgarria denontzat"

Erabiltzailearen aurpegia Miren Laborda 2012ko api. 27a, 17:00

Ikastolak badauka bere tokia eta eskola publikoak berreskuratuko du berea den eraikuntza.

Azkenean denok pozik. Ez da nire asmoa berriz ere eztabaidan sartzea, baina nik ere gure eskolako errealitatea islatzen duten datu batzuk eskaini nahiko nituzke.

Aurreko astean ateratako artikuluan esaten da ikastolako obrek irauten duten bitartean ikasleek ez dutela teknologia tailerrik izango, ezta gimnasiorik ere. Gainera, gehitzen da ikasturte zati batean laborategirik ez dela izango eta 750 ikaslerentzat bi informatika gela izango dutela. Benetan penagarria da egoera hori jasan behar izatea; izan ere, guk geuk oso ondo ezagutzen dugun egoera da. Gure eskolak urteak darama toki arazo larriekin, azken urte hauetan Martinez de Iralan dauden hiru gela erabiltzen ditugu gure ikasleak kokatzeko, eraikuntza nagusian kabitzen ez direlako. Horri guztiari beste hainbat arazo gehitu behar zaio: 500 ikasle baino gehiago ditugu eta azken hamarkadan ez daukagu ingeleseko gelarik, ez eta musikako gelarik ere; Irakasle gela bakarra daukagu 50 irakasle baino gehiagok osatutako plantilarentzat; 500 ikasle baino gehiagorentzat informatika gela bakarra daukagu eta Martinez de Iralako gimnasioa konpartitu izan dugu orain arte; ikastolakoek 225 ikaslerentzat goiz guztiak erabiliz (4 ordu), herriko eskolakoek 500 ikasle baino gehiagorentzat arratsaldeak erabiliz (ordu eta erdi).

Penagarria bai azken urteetan jasan izan dugun egoera; hala ere, gure komunitateko partaide guztiek egindako lanari esker gure eskola kalitatearen eredua bihurtu da herriko guraso talde handi baten konfiantza jasoz.

Gu ere irrikatzen gaude gure ikasle guztiek eraikin egokia izateko, gure ikasleek gutxienez ingeleseko gela bat izateko, gure ikasleek musika gela izateko, gure ikasleek laborategiren bat izateko, fisioterapeutak bere lana egin behar duenean tokia izateko, gurasoekin bilerak ditugunean toki egokia izateko, eskolako bizitzan ikasleen partaidetza bultzatzeko egiten ditugun bilerak burutzeko tokia izateko, etab., etab., etab. Eta nola ez, gimnasioa eskolako edozein ordutan erabili ahal izateko, eguraldiaren menpe egoteke.

Horrela ba, hemendik aurrera denok pozik biziko gara; denok izango baitugu aukera gure ikasleei merezi duten duintasuna eskaintzeko.

--------------------

Miren Laborda

(Bergarako San Martin Agirre Herri Eskolako irakaslea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak