Astelehenetik ostiralera hitzaldiak eta dokumental emanaldiak izan ditugu Bergara, Arrasate, Oñati, Elgeta, Eskoriatza eta Aretxabaletan. Larunbat goizean Antzuolara oinezko irteera egingo da atez atekoa bertatik bertara ezagutzera. Atez atekoa zero zaborrerako bidean pauso garrantzitsu bat da, baina ez da bakarra, badaude gehiago ere. Izan ere, sortzen dugun zaborra murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko beste hainbat adibide jada martxan daude Gipuzkoako hainbat herritan: bokadiloak biltzeko zorro berrerabilgarriak, a granel saltzen duten dendak, tupperren erabilera harategi eta arrandegietan, pixoihal berrerabilgarriak, behi esnea zuzenean hartzeko esne makinak, etab. Hori guztia bertatik bertara ezagutzeko igandean 16:00etan Villabonako plazan jarri dugu hitzordua.
Larunbatean bazkari herrikoi batekin indarrak hartuta, arratsaldean aldarrikapenari ere tartetxo bat egingo diogu eta horretarako Zero Zabor filosofiaren aldeko kalejirari emango diogu hasiera 18:00etan Bergarako plazatik. Zero zabor ez da atez atekoa bakarrik, haratago doan filosofia bat da, gure osasuna, ingurumena eta ekonomia ardatz hartuta munduan zehar zabaldu den pentsaera bat da. Esan dezagun ozen zaborra murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen alde gaudela! Aldarrikatu dezagun zero zabor herriak nahi ditugula gure bailaran! Erakutsi dezagun hondakinak erretzeko beharrik ez dugula eta lehengai bezala aprobetxatzeko gai garela!
--------------------
Ane Egino eta Amaia Osa
(Debagoiena Zero Zabor)
Debagoiena