"Lourdes Idoiagari"

Gezurretan dabilena ez da oso urrun iristen.

2012ko martxoaren 16ko GOIENA astekarian honakoa idatzi zenuen hitzez hitz: "Galdeketari buruz berriz esan behar da bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartu zeneko plenoan, Zero Zabor plataformaren eta ezker abertzalea/Bilduren aldetik, behin eta berriz eskatu zitzaigula galdeketa egiteko".

Lehenik eta behin, esango nizuke ezker abertzalea eta Bildu ez direla berdinak. Ezker abertzalekoak diren batzuek izan zuten aukera Bildu koalizio elektoralean aurkezteko, baina beste askok, nahita ere, ezin izan genuen koalizioko partaide izan.Oraindik ere hautatuak izateko eskubidea urratua daukagu.

Bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartu zeneko plenoa luzea eta eztabaidatsua izan zen. Zehazki, zaborraren inguruko eztabaida guztiak 62 minutu iraun zuen. Zorionez, disko batean grabaturik, plenoan hitz egin zena eskuratzeko zortea izan dugu eta gezurretan zabiltzala demostra dezakegu:

1-Ezker abertzaleari zegozkion lau aulkietan ez zen inor eseri. Hau da, ezker abertzaleko kideak ez zeuden presente osoko bilkuran. Beraz, ez zuten hitz egiterik eta are gutxiago galdeketa behin eta berriz eskatzerik.

2-Oñatiko Zero Zaborreko kideek hitza hartzen dutenean, ez dute momentu baten ere galdeketa hitza erabiltzen, prozesu parte-hartzaileaz mintzatzen dira. Zer egin behar den prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzeko galdetzen dute.Bosgarren edukiontziaren aldeko hautua egiteko aski izan baitzitzaizuen enpresa pribatu batek 384 oñatiarri eginiko inkesta edo galdeketa. Galdetutako 2/3ak bosgarren kontenedorearen alde egotea Oñatiko herritarren gehiengoa bosgarren kontenedorearen alde egotea zela erabaki baitzenuten. Baina berriz diot, inoiz ere ez zuten galdeketa hitza erabili.

Beraz, Oñatiko ezker abertzalearen izenean, errektifikazio publikoa egitea eta gezurretan ibiltzearen onarpena eskatzen dizugu. Beste batzuen gardentasun falta salatu baino lehen, norberarena demostratu behar da. Orain daukazu aukera.

--------------------

Jose Mari Zugasti

(Oñatiko ezker abertzalea)

Oñati

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak