"Gizarte matxinada"

Erabiltzailearen aurpegia Josu Balmaseda 2012ko mar. 26a, 17:00

Martxoaren 29an greba orokor zabala egingo da.

Ahaleginak egin behar ditugu gizartearen alderdi garrantzitsu batengan ematen den haserrearen adierazpen publiko eta garbia izan dadin.

Egunez egun hedatuago dagoen pobrezia eta egunez egun ozenkiago plazaratzen ari den sumindura, antolaketa iraunkorra, koordinazio zabal eta etengabeko borroka bihur daitezen. 

Hiritarrek protagonismoa kendu behar diete elite ekonomiko eta politikoen diskurtsoei. Bizi dugun egoera jasanezina delako. 

Azken (?) Lan Erreforma, oraingo honetan PPren eskutik eman dena, bortitz-bortitza da; hamarkadatan hamaika izerdiren ostean enplegurik edo enplegurik gabe, besteen kontura lan egin edo bere konturakoak izan diren eta diren langileen eskubideen aurkako eraso hilgarria da lan erreforma hau. 

Urte hauetan gizartearen gehiengoaren aurkako eraso instituzionalen zerrenda luzeari gehitu behar zaio, hauen artean pentsio eta negoziazio kolektiboarenak azpimarratu behar. 

Lan erreforma honek, aurrekoek bezala, ez du enplegurik sortuko (are gutxiago kalitatezko enplegua); aitzitik, bere ondorio kaltegarriak krisiaren ondorioei gehituko zaizkie.

Jasangaitza da Europako Banku Zentralak (EBZ) bankuei oparitu dien bilioi erdi euro, %1eko interesean, hauek muturreko egoeratan dauden pertsonak euren etxeetatik botatzen dituzten bitartean, etxebizitzarik gabe utziz, eta maileguak benetan behar dituztenei, hau da, jendeari, negozio txiki eta instituzio publikoei interes altuagoko maileguetara heltzea zailduz. 

Lotsagarria da bankari, transnazionalen kudeatzaile eta antzekoen ezpalekoen urteko soldatak milioika eurotan neurtzea, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LaGS) 600 euro hilean baino zerbait gehiago denean; pentsioak, langabezia-sariak edo oinarrizko errentak murrizten direnean; eta enplegua izanik 600, 800 edo 1.000 euro hilean kobratzen dituztenak daudenean, azken hauek zorionekoak lirateke.

Ez da onargarria osasungitzan eta hezkuntza publikoetan egiten diren murrizketak, edo babes sozialerako esparruetan ematen direnak (oinarrizko errenta edo gutxieneko diru-sarrerak, zainketa aringarrietako elkarteak...), euskara edo kulturan... eta hau ematen den bitartean, diru publikoekin, gure diruekin, alegia, gizarte interes eskaseko azpiegituratzarretara bideratzen ari dira (Abiadura Handiko Trena horren paradigma, baina egon gehiago badira), edo boterean den kasta politikoaren estatus ekonomiko eta soziala mantentzera.

Banku handiek eta hauen akziodun eta zuzendari ahalguztidunek, nahiz eta guri asko kostatu, pertsonak baino askoz gutxiago balio dute (benetako balorean eta ez eurotan). 

Beraz, zergatik biztanleriaren ongizatearekiko lehentasuna eman lukurari eta ez-legitimo zor publiko edo pribatuaren itzultzeari?

Martxoaren 29an, sindikatuok, gizarte mugimenduek, murrizketez eraginduriko pertsonen erakundeek, gehiengo sozialak, kaleak hartuko ditugu.

Ekoizpena, beharrezkoak ez diren zerbitzuak, garraioak eta abar gelditu behar ditugu… eta kalea aldarri bihurtu.

Amorrua borroka izan dadila eta borroka tresna bat gizarte eraldaketarako.

Berdintasunezko gizarterako bidean, ingurumen-mugak errespetatuko duen ekoizpen-modu baten bidean, herri libreekin, ondasunaren banaketa lortu egin behar da (zerga-erreforma sakona, Tobin tasa finantza transakzio guztiei, zerga-paradisu guztien itxiera...) eta lanen banaketa (enplegua, pertsonen zaintza eta etxeko lana). 

Noizko 35 orduko lanaldia legez? 

Edo aparteko orduen ezabapena? 

Edo benetako txanda-kontratuen berreskuratzea? 

Lortu, eta ez eskatu bakarrik, ez baitigute emango ez baditugu behartzen.

Krisia dago, bai, krisi ekonomikoa, ingurumenekoa, politikoa eta sistemikoa.

Bizitzeko beste era baten argi-aizkorria izan dadila, kolektiboagoa eta ez hain indibidualista; maitasun eta zaintzen kontsumitzaileagoa eta ez gauzena; berdintasunezkoa gizon eta emakumeen artean; solidarioa pertsona eta herrien artean... 

Bi hitzetan, boterearen adar desberdinek, behin eta berriro, irakatsi dizkiguten balore faltsuetatik libre ("hainbeste duzu, horrenbeste balio duzu"), eta aberatsa berreskuratutako baloreetan, gure baloreetan, alegia.

Badira arrazoiak soberan.

Jarraipena eta irmotasuna falta zaizkigu. 

Bidea korapilatsua ager daiteke eta irtenbidea ez ziurra. 

Baina ekimenak euren eskuetan jarraitzen badu, hondamena ziurra da. 

Alternatibarik hoberena borroka da. 

Egin dezagun martxoaren 29a egun historikoa izan dadila, lantegietan zein kaleetan, eta egun horren ostean ekin diezaiogun parte-hartze, antolaketa, batasunaren bideari.

Ez da garaia itxoiteko eta bere kabuz egoera eraldatzen den zain egoteko.

Gizarte matxinadarako garaia da, hitzen zentzurik hoberenean: gizartearen gehiengo hori matxinatu dadila eta mundu hobe bat posible den kontzientzia har dezala (dezagun), Euskal Herrian ere. 

Eta ikus dezala (dezagun) oraina eta etorkizuna gure eskuetan daudela, honela nahi izanez gero eta hauek lortzeko borrokatuz gero.

---------------------------------

Josu Balmaseda, Isabel Castro eta Xabier Barber 

(ESK sindikatuaren Batzorde Nagusiko kideak)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak