"Debagoien desberdin baten alde"

Erabiltzailearen aurpegia Enrike Letona 2012ko ots. 4a, 01:00

Gipuzkoa desberdin baten alde gaude, jendarte-eredu desberdina nahi dugulako.

Norabidea aldatzen hasi gara.

Informazioa, eztabaida eta erabakia oinarri izango dituen demokrazia parte-hartzailea bultzatzen ari gara.

Urtetan zehar azpiegitura handien aurka borrokan jardun duten herri-mugimenduek bat eginez, Gipuzkoaren etorkizunaren aldeko dinamika abiarazi dute.

Ezker abertzaleak bere eremu eta eragin guneetatik bat egiten du norabide horretan. Urteetako apartheid politiko instituzionala iraultzeko garaia da.

Gipuzkoarron multzo handi batek hala eskatuta, herrialdeko erakundeak balaztari ematen hasiak  dira.

Hor ditugu hondakinen inguruan ireki berri den hausnarketa-epea, Jaizkibelgo Superportuarekiko aurkakotasuna, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko erabakia herritarron nahi eta iritziaren gainetik ezarri izana salatzea, eta gure eskualdean Udalatxeko harrobiaren aurkako  salaketa behin eta berriz atera da.

Azken urteotan Gipuzkoaren jendartearen nahiak eta beharrak kontuan hartu gabe diseinaturiko makro-azpiegituren fase-amaieran gaude.

Gipuzkoar guztiei dagozkien erabakiak bulego itxi batean hartzen ziren garaiak pasatu dira.

Diru publikoaren xahuketan oinarritutako eredu ekonomiko jakin hori agortuta dago.

Obra publikoen aurrekontuetan %65 arteko desfaseak onartzen ziren garaiak iragan beltza dira Gipuzkoan.

Politika egiteko modu jakin horren amaieran gaude eta orain amaiera guztiek dakarten hasiera dagokigu marraztea.

Debagoiena osatzen dugun herrion/herritarron neurrira eginiko eraldaketak bultzatu behar ditugu.

Tokian tokiko administrazio publikoetatik, herri txiki, ertain eta landa eremuak babestu eta indartu behar ditugu.

Espainia bertebratzeko apustua egiten duen AHT bezalako azpiegituren ordez, eskualdeen eta herrien arteko komunikazio bideak bultzatu behar ditugu.

Jendarte -eta ekonomia- eredua ulertzeko bi modu oso desberdinak jokoan daude: alde batetik, herritarron diru eta baliabideak erabiliz, gutxi batzuen interesak defendatzen dituen eredua eta beste aldetik, baliabide publikoak herritarron behar errealetara bideratzeko gardentasuna eta   partaidetza oinarri dituen eredua.

Ezker Abertzalean azken honen alde egiten dugu eta hori da, hain zuzen ere, erakundeetan eta kalean bultzatzen ari garen eredua.

Debagoienaren paisaia irensten hasia den azpiegitura erraldoi horri ezetz oihukatzen diogu, AHTri ezetz! langileen lan baldintza negargarriak tarteko, heriotzak bultzatu dituen azpiegitura horri Ez oihukatzen diogu.

Ez asko oihukatzera  gatoz.

Baina, bidenabar, baita bai erraldoi bat osatzera ere.

Debagoiena osatzen/bizitzen dugunon bai ahots asko entzungo direlako, aurrera begirako Debagoien desberdin baten alde.

Otsailaren 4an, Donostian daukagu deialdia. Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu! lelopean makro-proiektu ereduen aurka gaudela eta herritarren Gipuzkoa, herritarren Debagoiena eraikitzea posible dela defendatuko dugu.

------------------------------

Enrike Letona
(Ezker abertzalearen izenean)
Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak