Horren aurrean, nire ikuspuntutik zenbait puntu argitu behar liratekeela uste dut, hala nola:
1-Batzuk, politika orokorragoko helburuekin, atez atekoa eta errauskailuari buruz hartu beharreko erabakia nahasten ari dira, bi gauza ezberdin direnean, bata zabor bilketa mota bat eta bestea birzikla ezin daitekeen errefusaren eliminazio mota bat. Horrek esan nahi du osagarriak ere izan zitezkeela, eta, beraz, kontrajartzeak ez duela zentzurik.
2-Atez atekoa ezarri den udalerri guztietan zaborraren turismoaren fenomenoa gertatzen ari da. Hau da, biltzen den zabor kopurua milaka tonatan, urte batetik bestera, maila nabarmenean jaisten da. Hurbileneko kasuan, Antzuolan, Udalak berak emandako datuen arabera, urtebeteko epean, erdi ingurura murriztu da zabor bilketaren kopurua (hau ere, krisiaren ondorio ote?). Gero, datu hauek, datuak existitzen diren munduko herrialde aurreratuenetan ezagutzen ez diren birziklapen mailako beste datu batzuekin makillatuz.
3-Bilketa sistema, kontenedoreetan sailkatua eta automatizatua dugu gaur egun. Atez atekoarekin, zaborrak, kale gorrian, gure etxeetako fatxadetan, edo baita gure atarteen barruan ere, utzi beharko genituzke eta, gainera, langileek eskuz bildu beharko lituzkete. Atzerakada nabarmena suposatzen du honek, atzerakada higieneari dagokionez eta gure herrien garbitasunari dagokionez. Azken finean, bizi kalitatearen galera nabaria da.
4-Benetan pentsatzen dut ez dela komenigarria gure intimitatea inbadituko duen bilketa sistema bat. Zabor poltsa aztertuz, gutariko familia bakoitzaren usadio, ohitura, bizimodua bera, ezagut daiteke. Inork ez du zertan ikusirik bankuko laburpenik. Inork ez du zertan jakinik bazkaltzen edo afaltzen duguna. Inork ez du zertan ezaguturik hartzen ditugun botikak. Inori ez zaio axola gure zabor poltsan adinduen pardelak, konpresak edo preserbatiboak badaude.
Azken finean, hondakinen sorrera saihesteko, erabat bultzatu behar dugu prebentzioa. Bilketa selektiboa, birziklapena eta konpostaia. Baina ezin gara inposaketan erori. Inposaketa baitago bizimodua zaborraren arabera baldintzatzeko modu horretan.
Horregatik, tribalismo politiko guztien gainetik, gai honek gure gizartean ardura sortzen duelako, nahikoa arrazoi daude herri kontsulta bat eskatzeko atez ateko zabor bilketa mota ezarri aurretik.
Herri kontsulta atez ate!
-----------------------------
Aitor Urrutia
Eskoriatza