... krisi ekonomikoa gutako asko sufritzen ari garen errealitate izatera pasa da.
Bergarar askok lanpostua galdu dute (5 urtetan langabezia bikoiztu egin da) eta langabezian gelditu direnen egoera gero eta okerragoa da; langile gehienek lan baldintzen kaskartzea nabari dute (soldatak murriztu, finkotasuna galdu, lan kargak gehitu); erretiro duina lortzea gero eta zailagoa da… Multinazionalak, banketxeak eta eraikuntza enpresa handiak ongizate estatua suntsitzen ari dira eta klase politikoaren ordezkari nagusiak (PP, PSOE eta EAJ) zein sindikatu estatalistak beraien beharretara makurrarazi dituzte, politika murriztaile guztiak beraien babesarekin edo pasibotasunarekin atera dituztelarik aurrera.
Osasuna, etxebizitza, hezkuntza, erretiroa, laguntza sozialak, lana sustatzeko politikak… Dirua ongizate estatua mantentzean inbertitu beharrean krisia sortu dutenen poltsikoetan sartzen dute. Gure diruarekin banketxeen zorrak ordaintzen ari dira; ezertarako balio ez duten makroproiektuak finantzatzen ari dira (AHT, 10.000 milioi euro) eta berriak egin nahi dituzte (Pasaiako Superportua, Zubietako Errauskailua, Hondarribiko aireportu berria…).
Ekonomia herritarron zerbitzura antolatu behar da eta ez multinazional, banketxe eta eraikuntza enpresen zerbitzura; ongizate estatua mantendu behar da eta ez suntsitu; aurrekontuak ekonomia garatu eta okerren pasatzen ari direnak duintasunez bizitzeko egin behar dira; zerga sistema aldatu behar da, gehien dutenek gehiago ordain dezaten; ingurumena zaindu eta eskubide sozial guztiak bermatu behar dira. Badaukagu zer egina eta egin beharra daukagu. Euskaldunok bitarteko politiko eta ekonomikoak behar ditugu, nahiko nagusiak gara gure burua gobernatzeko, burujabetza politiko eta ekonomikoa behar dugu. Eskoziarrek argi dioten bezala, Estatu independentea behar dugu!
Otsailaren 4an Bilbon eta Donostian aukera bikaina daukagu sindikatu eta herri eragileek antolatu dituzten mobilizazioetan gure haserrea erakusteko. Otsailaren 9an administrazio publikoan antolatu diren mobilizazioekin ere bat egiten dugu. Egunero gure lantoki eta kaleetan gure eskubideak aldarrikatu, borrokatu eta eskuratzera!
------------------------------
Ibai Redondo Beitia
(Bergarako Ezker Abertzalea)
Bergara