Ongi dakite euren herriaren alde egiteak zenbateko eta noiz arteko kostu pertsonal eta kolektiboak dakartzan.
Euskal Herrian oro har jakitun gara horretaz eta palestinarrekiko elkartasun sentimendua jendarteratua dagoen gaia dela esan dezakegu.
Ba ote dakigu, ordea, gure elkartasuna modu eraginkorrean bideratzen? Euskal herritarrok zer egin dezakegu albistegiak tristuraz edo amorruz begiratzeaz haratago? Galdera hauen erantzuna duela bost urte palestinarrek eurek eman ziguten: boikota.
Azken urte luzeetan agintariek eta nazioarteko erakundeek arazoari irtenbide bat emate aldera ezer gutxi egiten dutela ikusita, Palestinako jendarte zibilak Israelen aurkako BDS (Boycott, Divestment and Sanctions) nazioarteko kanpaina jarri zuen abian 2005ean. Hegoafrikako Apartheid erregimenaren aurka egindako boikot eta zigor kanpaina ez-bortxazkoa eredutzat hartuz.
Boikotak Israel presionatzea du helburu: lurren okupazioa, kolonien eta harresiarekin amaitu, Israelen bizi diren palestinarren eskubideak bermatu eta errefuxiatuek itzultzeko duten eskubidea errespeta dezaten. Azken batean, nazioarteko legedia eta eskubideak errespeta ditzala eskatzen zaio.
Zenbaitek bestelako irakurketa oker eta interesatua egin badu ere, juduen aurkako kanpaina gisan planteatuz, sionismoaren aurkako ekimena da berau, egitasmo kolonialista eta arrazista baten aurkakoa.
Indar inperialistek, ordea, beti ezkutatu nahi izaten digute arazoen benetako jatorria; honela, erlijio talka gisan erakustarazten saiatzen dira lurraldetasunarekin eta arazo politiko eta sozialekin lotu beharreko gatazka. Honen erakusgarri da Ipar Irlanda, protestanteen eta kristauen gatazka gisan erakutsia, edo, historian atzera egin nahi bada, inoiz ezagutu den genozidio basatiena: hau da, abyayala edo amerikar kontinentearen kolonizazioa, irizpide teologikoen arabera salbamendu bezala azaldua.
Gaur egunera etorriz, boikotaren ildoan azken urteotan ez dira urriak izan lorturiko garaipen txikiak. Besteak beste, sionismoa ordezkatzen duten kantariek neurriko gaitzespena izan dute gurean, Maccabi saskibaloi taldea ere ez da ongietorria izan eta Hondarribian Israelgo gastronomia jardunaldia bertan behera utzi zuten.
Aurrerapausoak eman diren heinean, boikotaren aurkako errepresioak ere gora egin du, badira milaka euroko isunak jaso dituzten kideak hemen ere.
Israelen, bestalde, ohartu dira boikotak duen edo har dezakeen indarraz eta badaezpadako lege aldaketa egin dute boikota bultzatzen dutenak gogor zigortu ahal izateko.
Oraingo honetan, zuen parte hartzea eskatu nahi dizuegu.
Abenduan sartzearekin batera, krisiak krisi, izango da aurten ere zer erosia Gabonetan! Boikotarekin bat eginez, ordea, jostailu israeldarren aurkako egitasmoan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Gure jostailu dendetan, Made in israel (729 barra kodea) jostailuak non-nahi topa baitaitezke, batez ere, adin txikiko haurren apaletan.
Erosketa arduratsu baten bidez sionisten botere ekonomikoa kolpatu nahi da, isolamendura bultzatuz, agintariak pausoak ematera behartuz.
Jolasteko eskubidea guztiona den heinean, gure jolasek ez dezatela besteen jolasik zapuztu.
Ez dezagun jolastu palestinarren zapalkuntzarekin.
Joka dezagun arduraz!
------------------------------
Xabier Etxaburu Albes
(Arrasateko Askapena)
Arrasate