"Kirol bitxia jaio da Antzuolan: poltsa-jaurtiketa"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Kortabarria 2011ko aza. 4a, 01:00

Erratuta ez banabil eta Debagoieneko Mankomunitateak dioena egia bada...

... Debagoienean eta, beraz, Antzuolan sortzen ziren hondakinen %29 baino ez zen selektiboki jasotzen.

Alabaina, 2011ko martxoan, atez ateko bilketa-sistema ezarri zen gure herrian.

Hasierako arazoak arazo, apurka-apurka sistema optimizatuz joan da, eta herritarren eta Udalaren arteko elkarlanarekin %92koa izatera heldu da modu selektiboan jasotzen den hondakin-kopurua.

Beraz, esan daiteke herritarroi eskaini zaigun sistema honekin gure ardura modu eraginkorrean betetzen dugula; ingurumenean dugun eragina nabarmen murriztuz.

Horrela, harro sentitzen naiz antzuolarra izateaz; harro Gipuzkoan hondakin gutxien botatzen dituen herrikoa izateaz.

Baina, edozelan ere, kezkak ere sorrarazten dizkit atez ateko bilketa-sistemak.

Azkenaldian, errekara so egitean, maiz ikusten ditut hondakin-poltsak; are gehiago, noizbait, balkoi edo leihoren batetik poltsak errekara jaurtitzen dituenik ere ikusi izan dut.

Noski, haiek ni parean iragaten naizela ohartu ez arren, guztiz txunditurik utzi izan naute.

Honenbestez, badira herritar batzuk gure ingurumen-inpaktua gutxitzen laguntzen digun tresna erabili ez eta, gainera, hondakinak ikaragarrizko kaltea eragiten duten lekura botatzen dituztenak.

Hala, jokamolde hori irain gisa hartu beharko genuke gainontzeko herritarrok; eta irain horien aurrean erantzun.

Horretarako, eta adibide gisa, bururatzen zait jokaera hori duten herritarren atarietan argazkiak jartzea.

Era berean, modu ez-zuzenean Udalari portaera hauen berri ematen lagun genezake, eta Udalak herritar horiek kontzientziatzeko neurriak hartu.

Pentsatu nahi dut gizarte-presio eta lotsarazte anonimo horiekin arazoa konpon daitekeela, denboraz eta pixkanaka-pixkanaka guztiok heziak izan baikaitezke, zigor ekonomikak saihestuz.

------------------------------

Jon Kortabarria
Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak