Oso pastoral ikusgarria eta parte hartzailea izan zen bertaratu zirenen aldetik. Batek baino gehiagok holaxe zioen: "Zuberoan eguraldiak eta bertako zelaiak pastorala jantzi zuten bezalaxe, Bergaran, herritarrok eskaini diguzuen berotasuna izango dugu gogoan. Gustura hartu ditugu jeikialdi guziak eta lau orduak di-dau batean pasatu dira". Gertutik ikusi dugu larraindarrek egin duten lana pastorala prestatzen. 220 biztanleko herri batek urtebetean zehar egindako entseguek fruitu hauxe eman dute. Zelako poza guretzat!
Baina bada Bergarako pastoraleko lantaldeak azpimarratu nahi duen alderdi bat, ikusten ez dena eta horrelako ekitaldietan ezkutuan geratzen dena. Bergarar askok egin duzuen ahalegina azpiegitura osatzen, loreak josten, etxeak eskaintzen, muntaketa lanak egiten, omeletak egiten, ardiak eta astoa ekartzen...
Zuek izan ez bazinate, ezingo litzateke pastorala Bergarara ekarri. Plazera izan da zuekin guztiokin lana egitea.
Edozein lan, erraz bihurtu duzue eta honexek eragin du, asteburu honetan, larraindarren eta bergararren artean sortu den harremana.
Ez alferrik zuberotarrek ekarri duten festa gogoa!
Pastorala amaitu bai, afaria ere bai, baina parrandarako girorik ez zen falta izan. Igande eguerdia ondo pasata zegoen eta zenbaitzuk kalean gora, kalean behera zebiltzan, "besta untsa! Besta untsa!" esan eta esan.
Denok ondo pasa dugu eta giro polita jarri duzue.
Lantalde honen ametsa litzateke ekitaldi honekin hasi den harremanak denboran irautea eta Iparraldea, orokorrean, eta Zuberoa, bereziki, ezagutzeko grina piztea.
Zuen esku lagatzen dugu, badakigu horretan ere sakonduko duzuela-eta.
Zuberoan urtero egiten dituzte pastoralak eta nahiz eta ezingo diren askotan Bergarara ekarri, aukera polita eskaintzen dute iparraldea zein Zuberoa gertutik ezagutzeko.
Gure eskerrik beroena, aldi berean, Olaso Fundazioari, Kutxari eta urte osoan zehar pastoralaren inguruan lanean aritu den taldeari.
Lantaldearen partetik eskerrik beroenak eta huntsa izan.
Bihotzez, mila esker, eskaini diguzuen laguntzagatik.
------------------------------
Leire Iruin
(Bergarako Udalaren izenean)
Bergara