Epaiketa politikoa da honakoa, xede politiko nagusi bati erantzuten diona: herri honetan zabaldu den garai politiko berria oztopatzea eta garai politiko berri hau zabaltzen ahalegin berezia egin duten hainbat ordezkari politiko zigortzea. Hori da eta ez besterik epaiketa honen oinarria.
Epaiketa honen eta Auzitegi Nazionalean zain dauden beste hainbat epaiketaren helduleku juridiko bakarra Alderdien Legea da, urteotan herri honen ordezkaritza politiko eta sozial garrantzitsu baten parte hartze legalari bidea ixteko garatu izan dena, milaka herritarren eskubideak zapuztuz eta hamarnaka ordezkari politiko atxilotu eta espetxeratuz. Estrategia honek ezezko borobila jasotzen du herri honen gehiengo erabatekoaren aldetik.
Estatu espainiarraren sakoneko defizit demokratikoa eta botere banaketarik eza erakusten du epaiketa honek; izaera antidemokratikoa ideia politikoen defentsa eta antolatzeko eskubidea ukatzen dizkiolako euskal gizartearen zati garrantzitsu bati; eta botere banaketarik eza, PPren eta PSOEren ideia politikoen eta estrategien luzapena baino ez delako epaiketa hau.
Udal honek interpelazioa luzatzen die eragileei guztiei, eta gizarteari oro har, garai berria oztopatu eta honen aldeko konpromiso argia erakutsi duten ordezkari politikoak zigortzea bilatzen duen epaiketaren aurrean konpromiso aktiboak har ditzaten.
Udal honek, era berean, Estatu espainiarrari dei egiten dio errepresioaren ildoa behin betikoz alde batera utz dezan eta herri honek egin beharreko eztabaida demokratikoari oztoporik jar ez diezaion.
Hau horrela, jarraian aipatzen diren erabakiak hartzen ditu Alkatetzak:
1-Udalak, gatazkaren irtenbidea sustatzeko, dagokion jarduera instituzionalean urratsak emateko konpromisoa hartzen du.
2-Epaiketa politikoak behin betikoz alde batera utz daitezen eskatzen dugu, zabaldu den garai berriari jarri nahi zaizkion oztopoekin amaituz.
3-Bateragune auzian inplikaturik dauden kide guztien berehalako askatasuna eta absoluzioa exijitzen dugu.
4-Aldarrikapen horiekin bat eginez, uztailaren 1ean, 19:30ean, Herriko Plazan, kontzentrazioa deitzen dugu, Eskubide zibil eta politikoen alde, epaiketa politikorik ez! lelopean.
-----------------------------
Maider Morras Azpiazu
(Bildu eta Aralarko udal taldearen izenean)
Arrasate