Piter Encinas: "Nuklearrik? Ez! Ez hemen ez inon"

Erabiltzailearen aurpegia Piter Encinas 2011ko api. 16a, 02:00

Hondamendi nuklear izugarri hau gertatu behar izan da, trumoien kutxa berriz irekitzeko.

Gauza bat argi geratu da, behintzat: Japoniako istripu nuklearrak erabat deuseztatu ditu energia nuklearra garbia, arriskurik gabea, ez-kutsatzailea eta abar dela diotenen argudioak. Erreaktoreetan izandako leherketek, nukleoen fusioa gertatzeko arriskuak, itxura guztien arabera hirugarren erreaktorean dagoen arrakalak, nazioarteko Segurtasun Nuklearrerako Batzordeek isuri erradioaktiboak izateko arriskua handia dela onartu izanak eta denborarekin azalduko diren beste datu batzuek argi utzi dute argudio ustelak direla horiek. Bide batez esanda: nuklearren alde daudenek energia mota hori defendatzeko erabiltzen duten argudioetako bat da energia nuklearrak ez duela CO2rik sortzen. Bada, horren aurrean, nik diot zentral nuklear bat eraikitzeko bost urte behar direla, 500.000 tona hormigoi behar direla, argindarra, garraioa eta abar behar direla. Ez dago, nik uste, besterik erantsi beharrik.

Hondamendi bat gertatzen denean, era batekoa edo bestekoa izan, gobernuek arras txikiagotu ohi dute kalteen garrantzia, hildakoen kopurua eta abar. Eta Japoniako gobernuak eta Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak erradiazio-arriskua benetakoa dela eta zentraletik 30 kilometro baino gehiagora zabaldu dela onartu eta ohartarazi izana, edota kanilako zein iturrietako ura ez edatea eta inguruko baraziak ez jatea gomendatu izana, zerbait oso larria gertatzen ari den seinale dira. Hori dela eta, ni ziur nago hemendik ez oso luzera askoz ere kasu larriagoak agertzen hasiko direla. Baina Japonian gertatutako hondamendia gorabehera, energia nuklearrari buruzko zenbait gogoeta egin nahi nituzke orain.

Ezer baino lehen, gauza bat gogorarazi nahi nuke: Espainiako Gobernuko presidente hautatua izan eta gutxira, Zapatero jaunak beste lau urtez luzatu zuen Fukushimakoaren ia bikia den Garoñako zentral nuklearraren jarduera, eta duela gutxi Zapaterok berak zirrikitu bat irekita utzi zuen zentral horrek, zaharkituta egon arren, martxan jarrai dezan, amaiera-datarik jarri gabe. Zer esan nahi du horrek? Bada, hurrengo hauteskunde orokorretan PP alderdia garaile ateraz gero, ez litzatekeela batere harrigarria izango Garoñako zentralaren bizitza luzatzeko erabakia hartzea, nuklearren aldeko alderdia baita.

Garoñako zentralaren jabea Nuclenor da. 1957an Iberduerok eta Electra de Viesgo konpainiek Centrales Nucleares del Norte SA sortu zuten, eta sektore elektrikoan izan diren mugimenduen ondorioz, gaur egun, Nuclenorren gaineko jabetza Iberdrolaren eta Endesaren artean erdibana banatuta dago. Zentrala eraikitzeko lanek 1966tik 1970era iraun zuten eta indarretxea 1971ko maiatzaren 11n jarri zen martxan. Berez, zentralaren bizitza baliagarria 40 urtekoa da; hau da, 2011n amaitu beharko litzateke haren jarduera-epea, baina Zapaterok onartutako luzapenarekin, 2013ra arte, hau da, zentralak 42 urte bete arte luzatuko da.
Zentrala Burgosko iparraldean dago, Tobalina ibarrean, Miranda de Ebrotik 32 kilometrora, Gasteiztik 64 kilometrora, Burgostik 91ra, Bilbotik 96ra eta Arrasatetik 75era. Inguruko beste hiri batzuk kontuan hartuz gero, milaka biztanle gehiago bizi dira eragin-esparruan. Gaur egun, Garoña, estatuko zentralik zaharrena izateaz gain, milaka pertsonaren bizitza arriskuan jartzen duen bonba bat da ahalmenez. Egoera muturrera eraman eta Txernobilen gertatu zenari begira jartzen bagara, adibidez, galdera hau datorkigu burura: zertarako balio die larrialdi-plan batek zentral baten inguruan bizi diren pertsonei? Txernobilgo sarraskian, 30 kilometroko erradioan, biztanle guztiak aterarazi zituzten. Gaur egun inor ere ez da bizi han, eta urtero neska-mutil pila bat etortzen da gurera beren gaixotasunetatik suspertzera. Ozenago esan daiteke, baina argiago ez!

Zentralaren zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak negozioarekin aurrera jarraitzearen alde egiten dute. Haientzat lanpostuei eusteak du lehentasuna beste ezeren gainetik. Nik, berriz, garrantzi handiagoa ematen diet egungo biztanleriaren osasunari eta belaunaldi berriei.

Zentral nuklearrek haien aldekoek aipatu ere egiten ez dituzten "oparitxo" batzuk utzi ohi dituzte: jarduera apal eta ertaineko milaka eta milaka litro hondakin, hain zuzen.Aditu batzuen ustez, hondakinok guztiz arriskutsuak dira eta ehunka urte iraun dezakete. Hondakin horiek arbuioa sortzen dute, hainbesteraino non, Britainia Handian, adibidez, tximistorratz erradiaktiboak birziklatu egin behar izan zituzten, kostu ekonomiko ikaragarriarekin. Gaur egun, Garoñako hondakin erradioaktiboak Kordobako El Cabril hilerrira eramaten dira kamioietan. Hilerri hori 15.000 upel hartzeko sortu bazen ere, gaur egun 30.000 har ditzake. Hondamendirik ez gertatzeko itxaropena izatea beste erremediorik ez zaigu geratzen. Jarduera handiko hondakin erradiaktiboak zentraletan gastatutako erregaiz osatuta daude neurri handi batean. Erradiaktibitate handiko hondakinak dira, eta oso luzaroan irauten dute.

Zentral nuklearren barruan dauden aska batzuetan pilatzen dira, uretan sartuta, sortzen duten berotasun handia hozteko.
Garoñako zentral nuklearra lehen belaunaldikoa da; hau da, Three Mile Island-eko (Harrisbour) istripu nuklearra gertatu baino lehenagokoa. BWR-3 (Boiling Water Reactor) motako erreaktorea du, ur irakineko erreaktorea alegia, eta uranio aberastua erabiltzen du beroa sortzeko; bero horrek uraren tenperatura igoarazten du eta urak, irekin eta lurruntzean, turbinak mugiarazten ditu, argindarra sortuz.

Zer da uranioa? Uranioa naturan dagoen elementu kimiko bat da, oso metal dentsoa (beruna baino 1,7 aldiz dentsoagoa). Hori dela eta, jaurtigaietan erabili ohi da, Tomahawk izeneko misil ospetsuetan, adibidez. Xedea jotzen dutenean, jaurtigai horien uranioak aireko oxigenoarekin erreakzionatu eta hodei gisa barreiatzen diren uranio oxidozko zatiki txikiak eratzen dituzte. Haizeak bultzatuta, hodeiok urrutira irits daitezke, eguraldi baldintzen arabera. Azkenean, baina, zatikiok lurrean eta uretan ezartzen dira. Maila handiagoan, gauza bera gertatzen da zentral nuklear batean isuri erradioaktiboak daudenean. Japoniara itzulita, itsasoan, lurrean eta abar egiten ari diren neurketen emaitzak entzun besterik ez dago hondamendiaren larritasunaz jabetzeko.
Uranioa hiru isotopo desberdinen nahasketa da: U-238 (%99), U-235 (%0,7) eta U-234 (%0,3). Zentral nuklearretan erabilia izateko, U-235 isotopoaren kopurua handitu egin behar da, hiruren artetik nukleidoen ezaugarririk nabarmenenak dituenarena, U-238 isotopoaren kaltean. Uranioa aberasteko teknikak oso konplexuak direnez, ezinbestekoa da laborategi aurreratuak izatea eta kapital-inbertsio handiak egitea.

Bukatzeko, beste gogoeta-gai bat jarri nahi nuke mahai gainean. Munduko herrialderik boteretsuenek energia nuklearraren alde egitearen arrazoia ez da soilik energia elektrikoa lortzea; izan ere, horren guztiaren atzean botere militarra dago beti. Bestela, zergatik jarraitzen dute arma nuklearrak izaten? Zergatik ez dituzte arma horiek guztiak behin betiko desegiten?

----------------------------------

Piter Encinas
(Ekologistak Martxan eta Gorripidea taldeetako kidea)
Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak