Jaione Isazelaia: "0+"

Erabiltzailearen aurpegia Jaione Isazelaia 2011ko api. 10a, 02:00

Azken egun hauetan, orain dela hogeita hamar urte baino gehiago nirekin gaueskoletan ibilitako bi ikaslerekin elkartu naiz...

bata puntako ingeniaria eta bestea amama egindako etxekoandrea, eta ez batak ez besteak ez dute lortu euskaraz ganoraz berba egiterik.

Ingeniariak esan zidan seme-alabei "indioak bezala" hitz egiten diela eta ulertu ere, gauza asko ulertzen dituela.

Asko poztu ninduten haren lorpen horiek; izan ere, hizkuntza dominantea erraztasunez menderatzen duen hiztunak nekez onartzen du "indioak bezala" hitz egitea, deserosoa ez ezik, a ze komunikazio galera! –irudituko zaio, seguruenik.

Nire ikasle ohi honi esfortzu horrek merezi duela iristen bazaio, bejondeigula!

Gaueskolek lortu dute gure hizkuntzarentzat hiztun berri bat, hiztun totela, noizbehinkako hiztuna, baina hiztuna.

Baina gehien poztu ninduena etxekoandrea izan zen.

Aurreko igandean elkartu nintzen berarekin familiako bazkariaren ondoren.

Hark ez du tutik ere hitz egiten.

Geure bizitzaren berri elkarri eman ondoren, gaueskolako kontuak ekarri genituen gogora –tira, arratsaldeko gaueskolak ziren, etxekoandreen ordutegira moldatutako gaueskolak–.

Les dejaba a las niñas en la ikastola y me iba a aprender euskera– zioen.

No aprendiste mucho... –alaba zirikatzaileak aldamenetik.

Pero vosotras sí que aprendisteis– amak, zentzu osoz.

Bere ama euskararentzat zero positiboa izan dela esan nion, berak oso gauza garrantzitsuak egin dituela euskararen alde, baina ez dut uste ulertu zidatenik.

Zer gara hiztunak euskararentzat?

Euskal hiztun gehienak euskararen erabiltzaile gara,  guretzat euskara komunikazio tresna da.

Badira beste euskal hiztun batzuk hizkuntzarekin sortu egiten dutenak, hizkuntza egin egiten dutenak, idazleak, bertsolariak, abeslariak, hizkuntzalariak... beraiek osatzen dute hizkuntzaren bihotza.

Badira ere euskara ikasteak merezi duela erabaki dutenak, ikasi dutenak eta ikasten ari direnak, euskararen hiztun komunitatea handitu ez ezik aberastu egiten dutenak.

Eta badira, baita ere, "zeroak", euskaraz hitz egiten ez dutenak, euskaraz sortzen ez dutenak, ikasten ez dutenak...

Hala ere, zero hauek, positiboak direnean, mesede itzela egiten diote euskarari.

Gaueskoletan ibili eta ikasi ez dutenak, beraien umeak en euskeraz ikasteko ahalegina egin dutenak, ikastolei sorreran bultzada eman zietenak, erbestetik etorri eta euskara hautatu dutenak... zenbat zero positibo euskararen alde aritutakoak!

Guztiei, bihotzez, eskerrak!

--------------------------------------

Jaione Isazelaia
Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak