Mikel Illarramendi: "Pitzadura baten lehen notak"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Illarramendi 2011ko mar. 20a, 01:00

Duela zenbait hilabete, iragan udaren bukaera aldera, dardara bat sumatu genuen hemen bertan, hemen bertakoa ez zen dardara.

Bat-batean eta nola ongi jakin gabe, dardarka hasi ziren paretak. "Lurrikara!", pentsa zezakeen despistatuak, baina ez, dardarizoon iturria ez zen lurra. Zerura begira jarri eta laino ilunik ez, beste mota batekoa zen harresi artean lehertzear zen ekaitza. Musikara basatia, hori da zerumugan azaldu ziren banderolek iragarri zigutena. Hodeietatik, euria beharrean, mikroak zintzilik eta tximistak kitarren erritmoan dantzan. Telebistan, eguraldiaren mapek argi eta garbi adierazi zuten: hurrengo orduetan musikaz blaituko dira uharteko bazter guztiak... eta musikak elkartasunez blaitu gintuen.

Egun hartan entzundako bertsoak harresietako aiztoak baino zorrotzago, ez ziren hormak soilik dardarka hasi, baina gure bihotzak ere dardarka jarri zenituzten. Zeinen ezberdinak hormaren eta bihotzaren dardarak! Maitasunez gureak eta ikara betean gotorlekuaren azala. Larunbat goiz hartan, musika eta adiskidetasun oihuz elikatu zenuten bailararekin lotzen gaituen zilborrestea.

Harresiaren bi aldeak uniformez inguratuak, baina uniformatuon presentziak ez zituen gure kantak desafinatu. Hara gure herriaren paradoxa, espetxe barruan zein kanpoan beti txakurrez inguratuta, gatibua den herriak seme-alaba askerik ez. Baina sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, nota bihurri eta errima sorginduei esker, ixtante batez bederen askatu ginen. Zuek kanpotik eta guk barrutik, konplizitate keinuka xamurtasun zubia eraiki genuen.Uda partean lehertu zen maitasun musikara eta orduan landatutako haziak neguan loratu dira, CD batean bilduta, Gabon kantez osatutako fruitu errebeldeak. Orduan sentitutako dardaren oihartzuna rock-and-roll doinuek lagunduta, espetxearen murruetan pitzadura baten lehen notak.

Bai, inguratzen gaituzten harresiok oso txiki ageri dira bihotzeko bozgorailuen gainera igotzen garelarik eta bozgorailuetako aldarria: "Borroka behar badute, borrokarako gu beti prest ta zai gaude soinuz dena lehertzeko".

Erritmo punkian Aloña gailurreko elurrak urtu ditu elkartasun eguzkiak, guganaino iritsiz egundoko maitasun oldea... geldigaitza den oldarra.

------------------------------------------------

Mikel Illarramendi, Ander Geresta, Kai Saez de Eguilaz, Jakes Esnal, Fermin Martinez, J.R. Karasatorre, Oier Gonzalez eta Jon Rubenach
(Saint Martin de Ré-ko espetxea)
Saint Martin de Ré

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak