Zalantzan jartzen dut ekimen honen legezkotasuna, are gehiago bertako argazkietan azaltzen diren hainbat herritarren oniritzirik eduki ez dutenean helburu argiki politikoa duen txosten hau argitaratzeko. Hala ere, legean konfiantza gutxi edukitzeagatik, zilegitasunaz egin behar berba. Esan bezala, propaganda kutsuzko argitalpena izanik inozenteegia litzateke esperatzekoa autokritika apur bat, errazena dominak ipintzea baita, nahiz besteenak izan.
Gauza asko isiltzen dira, ordea, bertan. Baina bereziki larria eta kezkatzekoa da isiltasun bat: txosten osoan zehar ez da inongo momentuan aipatzen udaletxearen osaketan egondako gatazka. Ez dugu ahaztu behar lau urte hauetan (bai eta aurreko legealdikoetan ere) izan den udaletxearen osaketa apartheid politikoaren ondorio izan zela. Herriaren gehiengoak egindako hautua ez zen errespetatu eta, hortaz, legealdi honetako udalbatza antidemokratikoa izan da.
Gustu txarreko eta lekuz kanpoko pintada mediatiko batzuek izandako oihartzuna gorabehera, funtsean egia da legegintzaldi honetan egon den udalbatza ez dela herritarron gehiengoaren hautu aske baten ondorioz eratu eta, beraz, ez da izan legitimoa. Ostrukarena egin dezakezue edota mila bider gezurra errepikatu egia bihurtzeko esperantzan, baina errealitatea horixe da. Jardueran ahaztuta izan gaituzue; memorian, ordea, ez gaituzue ahaztaraziko.
-----------------------------------------------
Iñigo Louvelli
Aretxabaleta