Bertan, azken 4 urteotan Bergaran egin diren hainbat proiektu beraien ahaleginez eginak izan direla diote: Boluko igogailuak, Martokoko aparkalekuak, Irala kalearen berriztapena, Irizar jauregiaren birgaitzea, Bideberriren peatonalizazioa… Zapateroren E Planari esker, inbertsioak egiteko emandako dirulaguntzei esker, egin omen dira.
Javier Garai jauna eta Mari Carmen Barrenetxea andrea, aurpegia eta muturra behar da Bergararen alde azken lau urteotan ezer ez egin eta zuen panfletoa etxe guztietara bidaltzeko. Zuen panfletoan ageri diren proiektu guztiak azken lau urteotan Bergaran egin direla? Bai, noski, Udalaren ahaleginaz eta herritarren parte-hartzeaz ia guztiak. Eta Madrildik heldu diren euroak? Herritar guztiok Madrili kupo bidez ordaindutakoaren zati txiki bat besterik ez da.
Zoritxarrez, gainera, Madrili ordaintzen diogun kupo horren zatirik handiena ez da herri proiektuetan inbertitzen. Herritarrok dagoeneko ondo dakigu nora doazen gure diruak: ingurumena eta osasuna kaltetzen duten makroproiektuetara (AHT, errauskailua); hau da, zementuarekin aberasten diren enpresari handien poltsikoetara; indar polizial eta militarrak, beronen buru den erregearen soldata ordaintzera; krisia sortu duten banketxe eta multinazionalak finantzatzera; etab.
Javier eta Mari Carmen, utzi parodia eta antzerkiak, egin ezazue oposizio serioa, eraikitzailea eta kritikoa, orain arte egin ez duzuen bezala; hori baita oposizioak herriari egin diezaiokeen ekarpenik onena.Izan daitezela datozen lau urteak azken laurak bezain emankorrak edo gehiago, hori baita Bergarak merezi duena.
---------------------------------------------------------------
Ibai Redondo
(Bergarako Ezker Abertzalea)
(Bergara)